Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (6/9)

VI. Esne Bide Estazioa

 

5522409a943c4da9e1512103140c2519

 

____Halako batean, hildakoen zutabea triangelu lauso bat bihurtzen hasi zen, ipurtargien antzera piztu eta itzaliz. Itxura hartuz joan zen pixkanaka, eta zerua estaltzen zuen altzairuzko soroaren erdian ezarri. Altzairu urdin egin berria zirudien soro hartan gelditu zen zutik, zuzen-zuzen.

____Ahots bat entzuten hasi zen, nonbaitetik etorria: “Esne Bide Estazioa! Esne Bide Estazioa!”. Bat-batean, dena argitu zen bere aurrean, milioika ipurtargi-txibiren argia petrifikatu eta urperatu izan balitz bezala, edo, diamante enpresa batek, salgaien prezioa jaitsi ez zedin, ezkutuan gordetako harribitxi guztiak norbaitek aldi batean atera eta sakabanatu izan balitu bezala. Horrelako distiraz, Giovannik behin eta berriz begiak igurtzi zituen.

____Ohartu orduko, Giovanni zeraman tren txikiak bideari ekin zion bideari. Egitan, mutikoa gaueko trenaren bagoi bateko leihotik begira ari zen, bazterreko argien ondoan. Barruan, tertziopelozko eserleku gehienak hutsik zeudela, metalezko bi botoik distira egiten zuten aurreko arratoi kolorezko pareta barnizatuan.

____Bere aurrean, tindatua zirudien jaka beltz bat soinean, mutiko altu bat burua leihotik ateraz kanpora begira ari zen. Bizkarra ezaguna egin zitzaiola, jakinmin bizia sentitu zuen hura nor zen ikusteko. Giovanni ere burua leihotik ateratzera zihoanean, mutikoak berarengana itzuli zuen begirada.

____Campanella zen. Giovanni “Campanella, lehendik al hengoen hemen?” galdetzen hasi zenean, Campanellak lehendabizi hartu zuen hitza.

— Bada, guztiek laster eginda ere, berandu iritsi dituk. Zanelli ere ahal bezain azkar laster eginda ere berandu iritsi duk —esan zuen.

____Giovannik, “egia, elkarrekin ateratzeko geratu gara” pentsatuz:

— Itxarongo al zieguk nonbait? —esan zuen.

— Zanelli dagoeneko etxera joan duk. Aita bila etorri zaiok.

____Hori esan bitartean, nolabait atsekabeturik bezala, aurpegia apur bat zurbildu zitzaion. Giovanni ere, zerbait ahaztu zuelako irudipenez, isilik geratu zen.

____Alabaina, Campanellak, leihotik ingurua ikuskatzen, aldartea berreskuratu zuen berehala:

— A, demontre. Ur-ontzia ahaztu diat. Marrazteko koadernoa ere bai. Baina ez dik inporta. Berehala zisneen geltokira iritsiko gaituk-eta. Maite diat zisneak ikustea. Ikusten ahalko dizkiat errekan urrun hegan egiten, ziur.

____Mutikoak behin eta berriz bira eman zion plater formako mapa bati. Zalantzarik gabe, hor zuriz agertzen zen Zeruetako errekaren ezkerreko ertzetik zihoan trenbideari jarraitzen ari zitzaion, hegoalderantz zihoana. Mapa eder hartan, gaua bezain beltza zen plano baten gainean geltokiak eta triangeluak, iturri eta basoak argi urdin, laranja eta berdez islaturik zeuden.

____Giovanniri iruditu zitzaion, ordea, inon ikusita zuela mapa hura.

— Non erosi duk mapa hori? Obsidianaz egina, ezta? —galdetu zion Campanellari.

— Esne Bide Estazioan eman zidatek. Hiri ez al ziaten eman?

— A, agian ez ninduan bertatik pasatu. Gu orain hemen gaudek, ezta? —esanez, Giovannik ‘Zisneak’ izeneko geltokitik iparraldera zegoen leku bat seinalatu zuen.

— Bai, hala duk. Hara, erreka lehor hura, Ilargi-argia izango duk?

____Harantz begira, Esne Bidearen ertz zuri-urdinean, zilarrezko zeruaren zelaietan, gozo-gozo airearen mendean balantzaka, olatuak joan eta etortzen ziren.

— Ez duk Ilargi-argia, ez. Esne Bidea delako argitzen dik.

____Hori esan ahala, hegan egiteko moduko poza sentituz, oinak zalapartaka, leihotik burua atera eta izarren inguruko kanta bat txistukatzen hasi zen. Ahal beste gorputza luzatuta, Zeruetako erreka oso-osorik ikusi nahi izan zuen, baina, hasieran, lausoegia zen. Gero, ordea, kontuz begiratuz gero, ur garbi hura kristala edo hidrogenoa baino are gardenagoa zela konturatuta, aldika —begiaren irudimenez, beharbada— olatutxo moreak eta ortzadar kolorezko distira handiak ikusten ahal izan zituen. Korronteak ahotsik gabe egiten zuen bere bidea, eta soroetan zehar hainbat triangelu fosforente ederrak zeuden. Gauza urrunak txiki, hurbilak handi; gauza urrunak argi laranja zein horiz argi ikus zitezkeen, eta hurbilak, aldiz, zuri-urdin eta laino baten atzean baleude bezala. Osotara, hiruki, lauki, tximista edo kate itxurez, soroa edonon argia zen. Urduri, Giovannik burua ziztu batean bagoi barrura itzuli zuen. Soro eder horretako hiruki distiratsuek, urdin, laranja, denek batera arnas hartuz bezala makurtu eta dar-dar egin zuten.

— Zeruetako larrean nagok, azkenik —esan zuen Giovannik—. Baina tren honek ez dik ikatzik erabiltzen, ezta? —gehitu zuen, ezkerreko besoa leihotik aterata aurrerantz begira.

— Alkohola edo elektrizitatea, beharbada —esan zuen Campanellak.

____Halako batean, erantzunez bezala, laino barrutik violoncello baten antzeko ahots bat etorri zitzaien, lodi-lodi.

— Tren hau ez da baporez mugitzen; ezta elektrizitatez ere. Tren hau mugitzen delako mugitzen da. Zuek uste duzue tren hotsa egiten duela, hain zuzen ere, tren hotsa egiten duten trenei ohituta zaudetelako bakarrik.

— Ahots hori askotan entzun diat, nonbait.

— Nik hainbat aldiz basoan eta errekan entzun diat.

____Gurpil hotsez, tren txiki hark aurrera jarraitu zuen, zelaiak gurutzatzen zituen haizean zehar; Zeruetako errekaren ura, halaber triangeluen argi zuri-lausoan barrena.

 

 

[Aurrekoa: V “Zentauro festaren gaua”]
[Hurrena: VII “Iparreko Gurutzea eta Pleozenoko kosta”]

Itzulpena: Iker Álvarez

 

 

Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (5/9)

V. Hildakoen Zutabea

 

d0001745_2210794

Argazkia: ayrton2005.exblog.jp, “Tenkirin no hasira”

 

____Soroez beste aldean lurra apur bat altxatzen zela, muino beltzaren gainean Hartz Handia hedatzen zen lausoki, ohi baino hurbilago. Dagoeneko ihintzak hartutako bidexkari jarraitu zion Giovannik, bertarantz.

____Belardi eta sasien erabateko belztasunaren erdian, izarren distira finak bide txiki hura argitzen zuen. Belarretik zomorro txiki batzuek distira egiten zuten, zenbait hostoren gardentasun berdea agerian utziz. “Guztiek zeramatzaten suge-kalabaza lanparatxoak dirudite”, pentsatu zuen.

____Pinu eta haritzezko baso beltza zeharkatu ondoren, zerua bat-batean ireki zen bere aurrean, hegotik iparrera luzatzen zen Esne Bidea erakutsiz eta, guztiaren gainean, Hildakoen Zutabea. Kanpai-lili eta krisantemoak ametsetan bezala loratzen ziren haren inguruan, eta txori bat txioka igaro zela, Giovannik aurrera jarraitu zuen.

____Gailurreko Hildakoen Zutabera iritsita, bere gorputz betea erortzen utzi zuen belar hotzaren gainean.

____Hiriko argiek itsas hondoko tenplu baten gisan argitzen zuten ilunaren erdian, eta umeen kantu-txistu deskonektatuak entzun zitzakeen, lausoki. Haizearen hots urrunaz eta belarraren dardar isilaz, izerditan blai zegoen kamiseta freskatu zitzaion Giovanniri.

____Soroetatik, tren baten hotsa antzeman zuen. Bidaiariak bagoi gorrixka baten leihoaren atzean sagarrak jaten, barrez eta gauza anitz egiten imajinatuz, Giovannik gora begiratu zuen berriz, kopetilun.

____Luzez begiratu arren, ez zitaion iruditzen zerua, irakasleak goizean esan bezala, leku huts eta hotza zenik. Are, zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta gehiago iruditzen zitzaion baso txiki, soro eta zelaiez beteriko paraje bat zela. Bere begien aurrean, Lira konstelazioa, hiru edo lau puntutan banatu eta diz-diz eginez, hankak atera eta uzkurtzen hasi zen, azkenik perretxiko bat bezala luzaturik. Azpiko hiria ere izar batzar edo ke-hodei handi bat izan zitekeela bururatu zitzaion.

 

 

[Aurrekoa: IV. “Zentauro Festaren gaua”]
[Hurrena: VI. “Esne Bide Estazioa”]

Itzulpena: Iker Álvarez

Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (4/9)

IV. Zentauro Festaren gaua

 

49888994_p0

 

____Giovanni, txistuka ibiltzeko keinu bakartiaz, altzipreen beltzak mugatutako aldapan behera joan zen.

____Aldaparen bukaeran kale-argi handi bat zegoen, dotore, argi zurixka ematen. Pixkanaka kale-argirantz hurbildu ahala, ordura arte fantasma baten gisan atzetik lausoki luzatzen zen Giovanniren itzalak kolore beltz trinkoa hartu eta bere alborantz hurbildu zen, oinak altxatuz eta besoak astinduz.

____“Ni primerako lokomotora bat naiz. Aldapan behera nabilenez, azkar noa. Orain farola hura gaindituko dut. Nire itzala iparorratz bat da. Orain, aurrerantz bira egin du.” Hori pentsatu bitartean pauso luzeak emanez farola gainditu zuenean, eguerdiko Zanelli agertu zen bat-batean zeharbide batetik, lepo puntadunezko ator bat jantzita.

— Zanelli, suge-kalabazen errekaratzera hoa, ala? —esaten bukatu baino lehen, hark moztu zuen.

— Giovanni, aitaren ur-txakur larruzko jaka heltzear zagok! —bota zion atzetik.

Giovanniren bihotza hoztu zen, eta alde guztietara oihu egiteko gogoaz bete.

— Baina zer duk, Zanelli? —oihukatu zion, baina Zanelli dagoeneko altzipre hostoez apaindutako etxe batera sartu zen.

____“Zergatik esaten dizkit horrelako gauzak nik ez badiot ezer egin? Ihes egiten duenean arratoi bat dirudi. Horrelakoak esaten dizkit hain zuzen ere babo hutsa delako.”

____Hainbat gauza ibiliz buruan, mota ezberdinetako argi eta zuhaitz-adarrez bikain apaindutako kalean aurrera jarraitu zuen Giovannik.

____Erloju dendan, neonezko argiaren azpian, harrizko hontz baten begi gorriak segunduro alde batetik bestera mugitzen ziren, eta harribitxi ugarik biraka zeuden itsaso-kolore kristalezko armairu batean, izarrak bailira, atzetik kobrezko zentauro bat pixkanaka, apurka, hurbiltzen zelarik. Horren guztiaren erdian konstelazio mapa bat zegoen, zainzuri-hosto berdeez apainduta.

____Bere buruaz ahaztuta, Giovannik konstelazio mapan iltzatu zituen begiak.

____Eskolakoa baino askoz txikiagoa izan arren, eguna eta ordua doituz gero, orduko zeruaren egoera irudikatzen zen obalo batean. Hala, erdi-erdian, Esne Bidea ke-zutabe baten moduan luzatzen zen goitik behera, azpian gertatutako eztanda arin batetik baporea isurtzen ari balitz bezala. Guztiaren atzean, hiru hankatako teleskopio batek argi horiz distira egiten zuen, eta are atzerago, berriz, pizti, suge, arrain, ontzien eta abarren itxuraz irudikatutako konstelazioak agertzen ziren mapa batean, paretan zintzilik.

____“Benetan honelako eskorpioiak, heroiak-eta al daude zeruan? A, nahi nuke mugarik gabe hortik ibili.” Une batez hor gelditu zen Giovanni, bere baitan bildurik, bat-batean amaren esnearekin oroitzean presaka alde egin arte.

____Jakaren txikitasuna sentitu zuela, bularraldea luzatzen eta besoak astintzen jarraitu zuen kalean behera.

____Aire garden-gardenak kale-dendak uraren gisan zeharkatzen zituen. Kale-argiak izei eta haritz adar berdeez inguraturik eta elektrizitate-konpainiaren aurreko sei plataneroek eta bestek barruan baba-farolak zituztela, benetan laminen hiria zirudien. Umeek, jantzi plantxatu berriez, izarren inguruko melodiak txistukatzen zituzten. “Zentauro, ihintza aska ezazu!” modukoen artean korrika eta mangesia-urdinezko suziriak pizten dibertitzen ziren. Giovanni, oso bestelako gauzatan pentsatzen, esne-saltzailearenera abiatu zen, burumakur.

____Azkenean, lertxunek zeru izartsuarekin bat egiten zuten leku batera iritsi zen, erdigunetik at. Esne-saltzailearen etxeko ate beltzak zeharkatuta, behi usaina zuen sukalde argi-ilunean txanoa erantzi zuen.

— Gabon! —esan zuen, baina etxeak isilik iraun zuela, ez zirudien inor zegoenik. —Barkatu, gabon? —deitu zuen berriz, gorputza luzatuz. Luze gabe, gaixo itxurako emakume zahar bat azaldu zitzaion, ezer nahi ote zuen ahopeka galdetuz.

— Zera, gaur ez zaigu esnerik heldu eta horren bila nator —esan zion Giovannik irmoki.

— Orain ez zagok inor eta nik ez zakiat. Etor hadi bihar, mesedez —erantzun zuen emakumeak hari begira, begi azpiko gorridura igurtziz.

— Ama gaixo dago eta gaur ez bada gaizki pasatuko du.

— Bada itxaron ezak pixka bat eta hator gero —esan orduko joaten hasi zen.

— Ongi da, mila esker —eta Giovanni, erreberentzia eginda, sukaldetik atera zen.

____Gurutzebidearen izkina gurutzatzera zihoala, zubira bideko dendaren aurretik, itzal beltz eta kamiseta zuri-lauso batzuk nahasita, sei edo zazpi ikasle ikusi zituen, alai, txistuka, eta bakoitzak suge-kalabaza lanparatxo bat zeramala. Barreak eta txistuak entzunez ikasitako melodiak ziren. Giovanniren ikaskideak ziren. Oharkabean itzultzeko imintzioa egin arren, berriz pentsatuta haiengana hurreratu zen, indarrak baturik.

— Errekara zoazte, ala? —esaten hasi zen, baina eztarria korapilatu zitzaion.

— Giovanni, ur-txakur larruzko jaka bazatorrek! —lehengo Zanellik bota zion.

— Giovanni, ur-txakur larruzko jaka bazatorrek! —hasi ziren guztiak errepikatzen.

____Erabat gorri eginda, Giovanniri ibiltzen ari zela ere ahaztu eta, zuzen jarraitzera zihoala, haien artean Campanella antzeman zuen, erruki keinuaz. Isilik, irri arin batez ‘Giovanni, ez haiz haserretuko, ezta?’ esan nahian bezala begiratu zion.

____Giovannik, iheska, bere lagunaren begirada saihestu zuen, eta Campanellaren irudi altuak alde egin ahala, guztiak txistuka hasi ziren harekin batera. Izkina egin baino lehen atzera begiratu zuenean, uste bezala, Zanelli berari begira zegoen. Campanella, ordea, ozen txistuka jarraitzen zuen lausoki ikus zitekeen zubira bidean. Bakardadeak hartu zuen Giovanni, eta ahal bezain azkar joan zen korrika. Belarriak eskuekin estalita negarrez ari zela, hanka batean saltoka jolasean zebiltzan ume batzuek brometan egiten zuela pentsatuz, gauza bera egin zuten.

____Azkar, Giovanni muino beltz baterantz abiatu zen.

 

 

[Aurrekoa: III “Etxea”]
[Hurrena: V “Hildakoen zutabea”]

Itzulpena: Iker Álvarez

Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (3/9)

III. Etxea

 

Exif_JPEG_PICTURE

 

____Giovanniren etxea bazterreko kale batean zegoen. Hiru sarreretatik, ezkerrekoenaren ondoan kutxa batean aza moreak eta zainzuriak ikus zitezkeen, eta gortinek bi leiho txiki estaltzen zituzten.

— Ama! Heldu naiz. Gaixo egon zara? —esan zuen Giovannik zapatak erantziz.

— Hara, Giovanni. Lan gogorra? Gaur fresko jantzi hadi. Ni primeran egon nauk egun guztian.

____Sarrera zeharkatu zuenean, bere ama ondoko gelan ikusi zuen atseden hartzen, oihal zuri bat buruan. Giovannik leihoa ireki zuen.

— Ama. Gaur azukre koskor bat erosi dut esneari botatzeko.

— A, hartu ezak hik lehenago. Nik oraindik ez diat nahi.

— Ama. Arreba noiz itzuli da?

— Bada hirurak inguru. Gela konpondu zidak.

— Ez al dizute esnea ekarri?

— Ez, agian…

— Neronek ekarriko dut.

— Lasai, ez diat presarik-eta. Hartu ezak hirea lasai. Ahizpak zer edo zer prestatu dik tomateekin, hortxe duk.

— Hartuko dut bada.

____Giovannik leiho ondoan zegoen tomate platera hartu eta ogiarekin batera gogoz jan zuen.

— Ama. Ziur nago aita berehala itzuliko dela.

— Bai, nik ere hala uste diat. Baina zergatik uste duk hik hori?

— Izan ere, gaurko egunkarian irakurri dut aurten iparraldeko arrantza ederki joan dela.

— Ah, bai, baina beharbada aita ez duk arrantzara irten.

— Noski baietz! Aitak ezin du gauza txarrik egin, kartzelara joateko modukorik. Lehengoan eskolara oparitu zituen karramarro oskolak, orein adarrak-eta, orain guztiak laborategian daude. Seigarren mailan, irakasleak txandaka eramaten ditu gelara. Iaz, txango batean…

— Aitak hurrengoan ur-txakur larruzko jaka emango ziala esan zian, ezta?

— Jende guztiak hori esaten dit. Nitaz barre egiteko esaten dute.

— Adarra jotzen al diate?

— Bai, baina Campanellak inoiz ez. Horrelakoak esaten ari zaizkidanean, bera goibeldu bezala egiten da.

— Haur horren aita hire aitaren laguna omen zuan, zuek bezalaxe.

— Bai, horregatik Campanellaren etxera joaten nintzenean bera ere etortzen zen. Sasoi ona, hura… Eskolatik itzultzeko bidean, Campanellaren etxetik pasatzen nintzen. Alkohol lanpara batekin ibiltzen zen tren bat zeukan. Zazpi trenbide zati elkartuta biribil bat egin eta argindar poloa eta semaforoa ere jarri zizkioten, eta semaforoa trena pasatzen zenean bakarrik berde jartzen zen. Alkohola bukatu eta petrolioa erabiltzen genuenean ontzia zeharo zipriztintzen zen.

— Hara, hara.

—Orain ere goizero egunkaria eramatera joaten naiz. Baina etxe guztia isil-isilik dagoenez…

— Goizegi duk-eta, orduan.

— Zauer izeneko txakur bat dago. Isatsak erratz bat ematen du. Hurbiltzen naizenean uluka etortzen zait, eta kale bukaera arte laguntzen dit. Batzuetan are urrunago arte. Gaur gauean Campanella guztiekin suge-kalabaza argiak errekara botatzera joango omen da. Txakurra ere eramango du, ziur.

— Egia. Gaur gauean Esne Bidearen festa duk-eta.

— Bai. Esnea hartzera joan bitartean ikusiko dut.

— A, oso ongi. Ez hadi errekan sartu halere.

— Noski, nik ertzetik begiratuko dut. Beno, ordu batez-edo aterako naiz.

— Gehiago egon hadi. Campanellarekin bahago ez zagok kezkatzeko arrazoirik.

— Bai, elkarrekin egongo gara. Itxiko dut leihoa, ama?

— Ongi, jada freskatu dik-eta.

____Giovanni altxatu, leihoa itxi, plater eta ogi poltsak jaso eta zapatak jantzi zituen biziki.

— Orduan ordu t’erdi barru itzuliko naiz! —esanda, dagoeneko ilundutako ataritik atera zen.

 

 

[Aurrekoa: II “Inprimategia”]
[Hurrena: IV “Zentauro-festaren gaua”]

 

Itzulpena: Iker Álvarez

 

 

Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (2/9)

II. Inprimategia

29f752


Argazkia: 天文古玩 bloga

 

____Eskolako ateak zeharkatzerakoan, Giovannik zazpi edo zortzi lagun ikusi zituen Campanellaren inguruan elkarturik, jolastokiko bazter batean zegoen gereziondoaren azpian. Itxuraz, gaueko Izarren Festan argi urdinak errekaratzeko suge-kalabaza bilketari buruz ari ziren. Hala ere, Giovannik bizkor agur egin eta, pixka bat ere gelditu gabe, eskolako ateak gurutzatu zituen. Auzoko etxeetan japoniar hagin-hosto bolatxoak ikus zitezkeen eta argiek altzifreen adarrak apaintzen zituzten, gaueko Esne Bide jaialdirako beste hainbeste prestaketen artean.

____Etxera joan ordez, hiru kaleren bueltan inprimategi handi batean sartu zen mutikoa. Sarrera ondoko kutxazainari —ator handi batez jantzita— erreberentzia eginik, zapatak erantzi eta barrurantz jarraitu zuen, korridore bukaerako ate handia irekitzeko. Barruan, oraindik eguna izan arren argia piztuta zegoelarik, inprimagailu andana bat biraka eta biraka ari zen, langileak kantuz bezala irakurri eta zenbatzen zuten bitartean, zapia buruan. Giovanni sarreratik hirugarren mahaiean, altuenean, eserita zegoen gizonarengana hurbildu zen, beste erreberentzia bat eginez. Horrek apalategia ikuskatu zuen une batez.

— Agian honekin nahikoa izango duk —esan, eta paper ebaki bat eman zion.

____Giovannik gizon haren mahai azpitik kutxa lau bat hartu, eta gelaren beste aldeko zoko argitsu batean, paretaren kontra makurtuz, pintza txiki-txiki batzurekin apar ponpatxoen tamainako inprenta-letrak hartzen hasi zen, banan bana. Bular-babesle urdin bat zeraman langile batek bere atzetik pasatuz agurtu zuen:

— Epa, anteojozulo, egun on.

____Inguruko lauzpabost langileek, ezer esan eta begiratu ere egin gabe, hoztasunez barre egin zuten.

____Begiak behin eta berriz igurtziz, Giovannik letrak biltzen jarraitu zuen. Seiak pasa eta berehala, betetako kutxatxoa hartu eta, edukia paper zatiarekin konprobatu ondoren, mahaian zegoen gizonari eraman zion; hark hitzik esan gabe onartu zuen, keinuz. Erreberentzia eginda, Giovannik atea ireki zuen kutxazainaren lekura itzultzeko. Bertan, arropa zuridun langileak, isilik, zilarrezko txanpon txiki bat eman zion. Aurpegi kolorea osatu zitzaion mutikoari, eta animoz erreberentzia egin bezain laster makinaren azpiko zorroa hartu eta aterantz abiatu zen jauzi batez. Pozik, txistuka, okindegitik pasatu zen ogi puska eta azukre poltsa bana erosteko, segituan ziztu bizian abiatuz.

 

 

[Aurrekoa: I “Arratsaldeko klasea”]
[Hurrena: III “Etxea”]

 

Itzulpena: Iker Álvarez

Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (1/9)

I Arratsaldeko klasea

 

e98a80e6b2b3e98984e98193e381aee5a49c20800x507

Ginga tetsudô no yoru (1993), Itsuko Azuma

 

— Beraz, neska-mutilok, ulertu al dugu zer den gauza zuri-lauso hau, erreka edo esne arrasto bat bezalakoa dela esan duguna? —galdetu zuen irakasleak, arbelean zintzilik zegoen konstelazio mapa beltza goitik behera zeharkatzen zuen Esne Bidea seinalatuz.

____Campanellak eskua altxatu zuen. Bere atzetik, beste lau edo bost ikaslek. Giovanni ere eskua altxatzen hasi zen, baina jarraian amore eman zuen. Noizbait aldizkari batean irakurri zuen horiek guztiak izarrak zirela, baina azkenaldian klaseak logale pasatzen zituen, eta irakurtzeko libururik eta libururik irakurtzeko astirik ere gabe, sentitzen zuen ezin zuela ezer ere ongi ulertu. Alabaina, irakaslea bere keinuaz ohartu zen.

— Giovanni. Ulertu duzu, ezta?

____Prestu altxatu arren, behin zutik zegoela ezin izan zuen zuzen erantzun. Aurreko aulkitik begira, Zanellik irri egin zion. Giovanni, are urduriago, gorri-gorri jarri zen. Irakaslea zuzendu zitzaion, berriz:

— Teleskopio handi batekin Esne Bideari kontuz erreparatzen badiogu, zer ikusiko dugu, funtsean?

____“Izarrak, jakina”, pentsatu zuen Giovannik, baina oraingoan ere ezin izan zuen berehala erantzun. Irakaslea momentu batez zer egin jakin gabe gelditu eta, Campanellari begira, hari zuzendu zitzaion:

— Ea, Campanella.

____Lehen eskua hain biziki altxatu arren, Campanellak, zalantzati zutitu zelarik, ezin izan zuen hitzik bota. Irakaslea harritu egin zen, eta une batez haurrari begiratu ondoren jarraitu zuen, izar-konstelazioen mapa seinalatuz:

— Beno, ikus dezagun. Teleskopio handi batekin Esne Bide zuri-lauso hau behatuko bagenu, izar txiki asko ikusiko genituzke. Ezta, Giovanni?

____Giovannik, gorri-gorri, baiezko keinu bat egin zuen, baina bat-batean malkoez bete ziren bere begiak. “Bai,” pentsatu zuen, “nik banekien, eta noski, Campanellak ere bai, behin bere aita medikuaren etxean elkarrekin irakurri genuen aldizkari batean agertzen zen-eta. Are, aldizkari hori irakurri eta gero, Campanellak liburu handi bat ekarri zuen aitaren liburutegitik, eta bertan Esne Bidea delako leku bat aurkituta, puntu zuriz jositako orrialde beltz-beltzetako argazki ederrak begiratzen genituen beti. Ezin izan du hori ahaztu, nahita izan behar zuen berehala ez erantzutea. Izan ere, azken aldian goizez eta gauez lanpeturik nabil oso, eta eskolara joan arren ezin naiz guztiekin jolastera gelditu, ezta Campanellarekin hitz egin ere. Horrek min ematen diolako ez du erantzun.” Gomutapen horiek zirela eta, Giovannik, eutsi ezinik, Campanella eta biak bateraezinak zirela sentitu zuen.

____Irakasleak, berriz:

— Beraz, Zeruetako erreka hau benetazko erreka bat dela pentsatuko bagenu, izar txiki bakoitza zolako hondar edo txintxarri ale bat litzateke. Ordea, esne korronte handi bat bezala imajinatuz gero, Esne Bidearen antza handiagoa izango du. Izar horiek esne korrontearen azalera ateratzen diren koipe puntutxoak litezke. Geure buruari galdetzen badiogu, baina, zer litzatekeen erreka horren ura, erantzuna ‘hutsa’ da. Hutsak argia abiadura jakin batean garraiatzen du eta, noski, Lurrak eta Eguzkiak flotatu egiten dute horren barruan. Gu ere zeruko erreka horren baitan bizi gara, beraz. Bertatik ingurura begiratzen badugu, ura sakonagoa den heinean urdinago ikusten den bezala, Zeruetako errekaren zola urrunago dagoen heinean izar gehiago pilaturik ikusiko ditugu, eta, horren ondorioz, kolore zuri-lausoa. Ikusi maketa hau.

____Irakasleak lente erdi-biribil handi bat seinalatu zuen, barruan distira handiko harea aleak zituena.

Zeruetako erreka honelakoa da, hain zuzen ere. Pentsa dezagun ale distiratsu hauetako bakoitza gure eguzkiaren moduko izar argitsu bat dela. Eguzkia ia erdigunean dago, eta Lurra horren ondo-ondoan. Gauez, hemen erdian jarri eta lentearen edukia ikus dezazuen nahi dut. Hemendik begiratzen duzuenean, lentea mehea denez, ale distiratsuak (hau da, izarrak) baino ezingo dituzue ikusi. Hemen edo hemen begiratzen baduzue, berriz, lentea lodiagoa denez, ale distiratsu asko ikusi ez ezik, urrunean zuri-lausoa ikusten ahalko duzue. Beno, honaino Esne Bidearen azalpena, gaurkoz. Lentearen tamainaz eta horren barruko izarrei buruzko hainbat kontu hurrengo zientzia klasean aipatuko ditugu, dagoeneko ordua dugu-eta. Koaderno eta liburuak itxi ditzakezue.

____Une batez mahaien irekitze-ixte eta liburuen mugimenduez zalaparta sortu ostean, guztiak txintxo zutitu eta, eskerrak emanik irakasleari, gelatik atera ziren.

 

[Hurrena: II. “Inprimategia”]

 

Itzulpena: Iker Álvarez

Ikonoak

 

Desagertzeko:
apainduta

Entzun zezaten:
isilik

Bakarrik egoteko:
guztien aurrean jarri,

Eta oroit genezan:
hil zen,
suzko une bihur, mila esker
bisitagatik.
Zure arropa zuriak subastatuko ditugu

(Jesus? Marilyn? Haurtzaroa? Herri galdua?)

 

 

. . .

 

 

イコン

 

 

透明になるように
自分を飾った

聞かれるように
黙った

独りであるために
みんなの前で立った

思い出されるように
死んだ
その炎の曲がった時
寄ってくれてありがとう
君の白い服を競売にかける

キリスト

マリリン

幼少

失われたふるさとよ

 

 

 

Etxeei buruz (Shuntaro Tanikawa)

 

 

Gizakiak naturaz gorde ziren

Espazioaren beldurrez

Denboraren minez

 

Hau lasaitasuna dela uste zuten gizakiek

Espazio mugagabearen ordez pareta zuri-zuriak

Denbora mugagabearen ordez ohe samur bat

 

Alabaina, ate eta leihoak behar zituzten

Ateak, lagun minentzat

Leihoak, uda egun ederrentzat

 

Egunez, kanpoan ere oskarbi zein euri-hodei paretak

Larre nola kaleetan, bazen non lo egin

Gauez   —   Gizakiak ezkutatzen ziren

 

“Hau etxera itzultzeko gogoa” xuxurlatu ohi zuten

FIdeltasunez etxeari esker gizakiak kide minekin bizi ahal ziren

Udaberri, uda, udazken, negu eta, bapatean, egun batean hil egin arte

 

Gizakiei buruz, hortik aurrera ez dakit

Gizakirik gabeko etxeek

Pixkanaka espazio-denboraren antza dutela baino ez

 

 

 

室について “Heya ni tsuite” (“Gelei buruz”, 1955) – Shuntaro Tanikawa (1931-)