Euskandinavia

inondik hona

Category: Uncategorized

Zilegi da izar, beilegi

 

Zilegi da izar, beilegi,
ostean zehatz, ageri
Barrenik barren, aireari izenik emanez gero
arnastu lehen;
eta eten, atsedenak eria lez.
Indarrik al den, zilarrezko egiarik ilargiena,
horra hor mezu ezkutua: ez da.
Aseturik badoa, guregandik eta badoa,
beste batzuen argitzera;
beste batzuk, gure izenez
amets
Eta eske, eske dautza ilun ezberdin,
eta berari, begira.

.

Advertisements

Arrotz izateari uztea

 

__Elkartu baikara,
ez gara arrotz
Sarkor, ozen
Ordu hilgaitza,
zorrozki baikor
Mihi, hagin, inolaz bero
bego isil eta etsigarri
Ezti-soro, goitik haize min,
jausi hazi
Oro errun,
oro zu
Igarri ilunetan
non sarri ez da izar
Baldin hotz,
latz eta egarri
Edan eta edanarazi,
Gida oldarkor
Keinu ezten,
Zale beste ezerena ez
Astirik bada, adi
Ilargi berari
zirrara trakets bi
Idatz bedi ezina,
inoren jabe
Herrenen hanka okerra
Bide berri bat
Itzultzeko ez
-hor, inor ez arrotz
Elkartu baikara
ez gara inon
Herratu eta salbo

Atzorik gabe

 

 

.

Azkena I

 

Iragana, denak dezepzionatu duen jainkoa,
Mirari berbalak pilatzen jarraituko
du soinean, bero samur bat denok partekatu
arren inork zapaldu ez dugun tokian.
Aldako txoriaren arropa erantziak.
Lehendabiziko hegaldiak erakutsiko dio
nora itzuli, nondik ez den itzuliko,
eta ezkutatuko da Ilargia bezala:
beste batzuei ageriz.

 

Amen

.

Azukreari kafea

 

Azukreari kafea,
Eta mikatzak hustuko dizkio
piztiari erraiak

Bide galduetako harriak
Lo, lo —lo
Erdietsi dute amets bako loa
“Utzi, alaba, lo, lo —lo dago”
Loa da, maitagarria.

Piztia odoletan (“azkenik!”)
“Ba al da odoletan ez den piztirik?”
Harriak txikitzen —beren loa
Harria —bere ikara
Hamaika orratz gorri azalean.

Utzi, alaba, lo, lo —lo dago.
Loa da. Maitagarria.

Tazan bueltaka, distiraz distira
Ziztadak, piztia —mikaztuko dut
azukrea.
Piztiaren eskuak eztarrian.
Hire izena, lo, lo
Harrian.

 

 

.

Loredunak

 

Loredun, eta lurperatzen ditugu
sustraiak
Adinaz husturik, izen bat
airean zintzilik
Zuregatik fruitu, lore, hazi—
izan naiz guztia.

Lur pikorrekin nahasi,
harren hizkuntza ikasi eta harri-pitzaduretan sigi-saga
Gazteluen oinarriak
Eraitsi.

Belarri ororentzako kantua,
ezein mihiren hizkuntza —zure joana
Ikusten ez zaituzten begietan
Islatzen da argien.

Lurra da haginen azken bazka —bilaterala—
Inurritegiek gorde dezaten gure sekretua—
Sekulan ez dela ehortziko
Amodiorik.

 

 

.

Sublimazioa II

.
Idazten dut eta sortu ez
Bentrilokuo bakar baten ahoak
Dira gorputz hauek

Ez naiz bakana
Lepo honen gainean
Ez ene itzala
Higitzen duen bakarra

Argia dago
Argia dit
Argia dizut

Idazten dut eta sortu ez
Lehenbizi hitza baitzen eta ez lezake
Lurrik sortu belar izpi batek

Idazten dut eta arnasten zaituztet
Nire buruok, ene
Itzalaren Higiarazle
Baina, eskuari begira, eten egin zait
Eztarria

Nor zara zu?

Argia dago
Argia dit
Argia dizut

 

 

.

Sublimazioa I

.

Hondoraturik behin betiko hodeietara,
Hegorik gabe, ez dut hitzik.
Erantzungo zenidan, ama,
Hutsak
Hotsik baleki

Arroketan, Amona,
Aurpegidun,
Itxuragabe; ez die begirik ixten ekaitzaren laztanei

Arroketan, Jainkoa,
Ahalguztidun,
Indarge; itsaso gorri bat ez baita banatzerik

Oroitzez higitzen dira harea mugikorrak
Eta goian,
Goian dago sua
Su bat
Zuen aurpegiez

Adio! Odola, itsasoa eta hareak
Adio! Hodeietara, husturik, bainoa
Azalgabeko hutsarekin
Bat
Izatera

(Egia esan, ama)
Hitzik eskaini nizun baina
Lumek ez dute hegorik egiten
Eta sainduek
Ez dute odolik isurtzen

(Egia esan, ama)
Denbora eskaini nizun baina pikorrak,
Haizetsu, zoko zuretzat ezezagun batean
Pilatu ziren

(Egia esan, ama)
Izena eman zenidan
Baina esanahirik ez
Eta etengabe idazten dut
Harrietan, haizean, azaletan,
Begietan
Inoren oroitzaz
Bete dadin

 

 

.

Zulo garaiaren zirrikitutik

 

Zulo garaiaren zirrikitutik
jaso dut, ikuskari,
Espazioa, zuri;
Beltz, eguzkia, bere itzal guztiak
igortzen,
Zentzu oro edateko
Argi oro bihurtu:
Lurrak zerua uraz hustu bezala,
–hain ozen euria, baina
hain isil, denboragabe, lurrinaren
itzulera–
Harri bustia, zentzu egarri, itsu
(ez begigabe),
ni

 

 

.

Osamu Dazai: Neskatxa (fragmentuak II)

 

____Otorduak bakarrik egiten ditut, jangelan. Aurten lehendabiziko aldiz pepinoa jaten ari naiz. Pepinoaren berdetik uda dator. Bihotzak maiatzeko pepinoaren berdetasunetik jasotzen du hustu, erremindu eta kilikatzen duen tristura. Jangelan bakarrik jaten ari naizenean norabait bidaiatzeko gogoa sortzen zait. Tren batera igotzeko gogoa. Egunkaria irakurtzen dut. Guardia Inperialen argazkiak agertzen dira. Guarda Inperialak gizon galantak omen dira. Niri, egia esan, halako aurpegiak ez zaizkit gustatzen. Kopeta okerrak dituzte. Egunkarian, liburu iragarkiak dira interesgarriena. Lerro bakoitza 100 edo 200 yenetan ordainduko da, ez zuten esfortzu makala egingo. Hitz bakoitzari etekina ateratzeko, buruari eraginda eta eraginda esaldi zoragarriak sortzen dituzte. Ongi sentiarazten naute. Kitzikagarriak.

____Bazkalostean, ateak itxi eta eskolarako bidea hartzen dut. Lasai, ez dut uste eurituko duenik, baina atzo amak eman zidan aterki ederrarekin atera nahi nuenez, hartu egin dut. Amak gaztaroan erabilitakoa da. Aterki interesgarriak aurkitzea, egia esan, maite dut. Honelako aterki batekin Pariseko bazter-auzoetatik ibili nahi nuke. Susmoa dut gerra hau bukatzen denean hau bezalako estilo zaharreko aterkiak, ametsak eramandakoak diruditenak, sasoiean egongo direla. Aterki honi bonette antzeko kapela batek ederki emango lioke. Lepo zabaleko kimono arrosa luzea eta lazo beltzaz jositako eskularru luzeak jantzita, hegal handiko txanoari bioleta more bat erantsiko diot. Orduan inguru berde-berdeetan jatetxe paristar batean bazkaltzera joango naiz. Itxura malenkoniatsuaz buruari eskuaz eutsita, arinki kanpoko jendearen igaroari begira nagoela, norbaitek sorbaldan kolpetxo batzuk emango dizkit. Bat-batean, musika: Arrosen valsa. A… Inozokeriak, inozokeriak. Egitan, euskarri luze eta fineko aterki zahartu bat da. Neronen miseriaz errukitzen naiz. Neska poxpolo saltzailea. Banoa zerbait hartzera, belarra bada ere.

____Ateratzean, ate aurreko belarretik apur bat hartu dut, amarentzako zerbitzu moduan. Baliteke gaur gauza onik izatea. Belar bera izan arren, zergatik ote daude hartzeko gogoa ematen didatenak, leun utzi nahi ditudanak eta bestelakoak? Belar polita, polita ez dena; itxuraz alde txikienik ez egon arren belar maitagarria, belar gorrotagarria, zergatik ote da hain erraza ezberdintzea. Ez dago arrazoitzerik. Emakumeen gustuak nahikoa axolagabeak direla uste dut. Aski zerbitzua eginik, estaziora bizkor abiatu naiz. Soroetako bideetan zehar, koadroak marrazteko gogoa ematen dit beti. Erdibidean, tenpluko basoko bidexkatik pasatzen naiz. Neronek bakarrik aurkitu nuen bidezidor hori. Zorura begira, garia bi bat sun (3.03 zm) baino ez zegoen hazita han eta hemen. Gari berde bizi hori ikusi bezain laster ulertu dut aurten ere soldaduak etorri direla. Iaz ere soldadu eta zaldi pila etorri ziren, tenpluko basoan atseden hartu ostean joanik. Ondoren, ingurua ikuskatu nuenean, garia gaur bezala zegoen, urri eta sakabanaturik. Aurten ere, soldaduen zaldien gaineko ontzietatik erori eta ahul hazitako gari hau, honelako baso ilun batean, batere argirik isurtzen ez dena, pena da, baina itxura honekin hilko da, beharbada.

.

Osamu Dazai: Neskatxa (fragmentuak I)

[…]

___—Aita… —deitu diot ahots baxuan.

___Lotsa bitxiaz, poz antzean jaiki eta ziztu batean futon-a bildu dut. Futona altxatzean “iepa!” esan dudala, larritu egin naiz. Ez nuen uste, orain arte, “iepa” moduko arrunkeriak esaten dituzten emakume horietako bat nintzenik. Horrela atsoek egiten dute, ez zait batere gustatzen. Zergatik atera ote zait? Nire barruan, nonbait, atso bat dagoela pentsatzeak desatsegina ematen dit. Hemendik aurrera kontuz ibili beharko dut. Izugarri atsekabetu naiz; behin, jende batzuen ibilkera traketsaz harrituta, ni nerau ere hala nenbilela ohartu nintzenean bezala.

___Goizez ez dut batere konfidantzarik. Lo-jantziekin bestidorearen aurrean esertzen naiz. Betaurrekoak jarri gabe ispiluari begiratzen diodanean, nire aurpegiak, nabar samarra, lasaia ematen du. Neronen aurpegitik gutxien gustatzen zaidana betaurrekoak badira ere, badute zerbait ona, besteek ezagutzen ez dutena. Gustatzen zait betaurrekoak erantzi eta urrutira begiratzea. Dena lanbroturik, amets batean bezala ageri da, diapositiba bat bailitz, zoragarria. Gauza zikinak ez dira ikusten. Begian gauza handiak, bereizgarriak, kolore fuerteak eta argia sartzen dira bakarrik. Betaurrekoak kendu eta jendeei begiratzea ere gustatzen zait. Guztiek aurpegi atsegin, ederrak eta irribarretsuak dituztela dirudi. Gainera, betaurrekorik gabe ez dut inorekin liskarretan sartzeko edo maldiziorik botatzeko gogorik. Isilik eta ausente geratzen naiz. Horrelakoetan, jendeak bihotz onekotzat izango nauela pentsatuz, are gehiago lasaitu egiten naiz, goxatu, eta bihotza ikaragarri atsegin bilakatzen zait.

___Alabaina, egia esan, betaurrekoak gorroto ditut. Betaurrekoak jarrita, aurpegirik dudanik ere ez dut sentitzen. Aurpegitik sortzen diren emozio anitzak, erromantzea, edertasuna, biolentzia, ahulezia, inozentzia, samina eta abarrekoak, betaurrekoek oztopatu egiten dituzte. Are gehiago, begiekin hitz egitea modu bitxian galarazten dute.

___Betaurrekoak dira mamu bat.

___Uste dut nire betaurrekoekiko gorroto horren arrazoia dela begien edertasuna. Sudurrik ez izan arren, ahoa estalita izanik ere, begiak ikusten baditut, ederrago bizitzeko gogoa ematen didaten begiak badira, ez zait axola. Nire begiak ez dira ezertan ere bereziak, handiak baino ez. Neronen begiak ispiluan behatuz gero, etsitu egiten naiz. Amak ere esaten dit begi apalak ditudala. Argirik gabeko begiak direla esan daiteke, beharbada. “Ikatz bilduak”, pentsatu, eta etsitu egiten naiz. Hala baitira. Hau etsia. Ispiluari begiratzen diodanero, “begi on eta beroak bihurtuko ahal balira…”, biziki pentsatzen dut. “Laku urdin bat bezalako begiak”, “larre berde batean etzanda zeru zabalera begiratzeko begiak”. Batzuetan hodeiak irudikatzen ahal ditut. Txorien itzalak ere ikus ditzaket. Begi ederreko jende askorekin egon nahi nuke.

___Gaur goizetik maiatza dela konturatuta, apur bat animatu egin naiz. Hau poza. Uda pixka bat gehiago hurreratu da. Lorategira ateraz gero, marrubi loreak begietan paratzen zaizkit. Aita hil izana gauza bitxia da. Hil, egoteari uztea… ez da aise konprenitzekoa. Ez du zentzurik ere. Faltan dut ahizpa nagusia, aldendutako jendea, eta luze ikusi ez ditudanak ere. Hargatik, ezin dut jasan goizero iragandako gauzak eta aspaldiko jendea, nahi baino hurbilago eta takuan usaina bezain zaporegabe, gogora etortzea.

.

%d bloggers like this: