Hiriko bidea

 

Hiria lo,
hiria eder

Gure artean
Haizea betiereko
Airea hotz
Denbora geldo
Eta alegiak
Isuriko dira
Isil, bero

Zertzelada
Lumadunak
Ondoan
Urmael barea
Eta haren hondoan
Orbelak

Gure azpian
Bide bat
Amaitzera doa

Zerutik behera
Mendi magalak
Eta eraikin zaharrak

Inguruan
Haize betierekoa

Eta erdian
Huts bat,
Huts bat
Zure tamainakoa

 

 

 

 

Musika

 

Musika dira
Eta gainezka egin dit
Darien distirak
Darien bizitzak

Musika dira
Eta askotan isiltzen dira
Eta urruntzen
Eta iluntzen

Musika dira
Eta batzutan bilatzen naute
Ihes egin gero
Haiek bihurri, ni ero

Musika dira
Eta sarritan izan dira
Egunaren azken nota
Azken argi izpia

 

 

.

Haien karia

 

Harrizko estatua bihotzarena
Hain ederra, urruna, gailena

Begirada hotz gardenaz
Sumatu duzu nire begietan
Zirrararik handiena
Eta zuk, munduan isilena
Keinurik egin gabe
Erakutsi dizkidazu
Nire akats denak

Hain zara ederra, urruna, gailena

Banoa, estatua bihotzarena
Hitzak etengo dira,
Ez baina haien karia
Espero dut nire ametsek
Zure antza izatea

Inoiz, goroldioz estalirik
Zure ondoan lore hauek ikusi
Eta gogoan izango duzu
Umeldura berak
Harria urratu
Eta loreak laztantzen dituela

Beti zurea,
Estatua bihotzarena

 

 

 

.

Begiradak

 
Orriak jausten dira
Leunki, eder…
Goiz bat bezala
Eta apurka
Handitzen zoaz
Bi begien indarraz

Orriak jausten dira
Leunki, eder…
Nire gainean
Eta azkenean
Estaltzen doaz
Gau, egun guztiak

Errealitate zatiak
Dira orriak
Benetazko irudiak
Margolan handian

Batera eta bestera
Zorura bidean
Balira zure eskuak airean

Zaude, udazkena
Zerbait esan nahi nizuke:

Gaua datorrela
Orriek
hau idatzi dizute

 

 

 

.

Adaburuen artean

 

Eta hor dirauzu
Estalirik, itzalean
Hondoan
Baina halabeharrez azaleratzen dira
Hondoko hutsak
Burbuilak bezala

Azaleratu eta hegalez
Adaburuen artean nahasi zara
Eta nahasi begiek
Puntadun txano bat dakusate
Zure bila dabiltza, agian

Udako gau beroek
Ahanztura dakarte
Eta ahanzturak
Azalekoa barreiatzen du
Agerian utziz
Hondoa
Nire zain dagoen
Bide bat bezala