Gaua bitan partitu da
eta gorritu betazalak
Yamato auzoko zoko batean
Arrasto bat dira
bele eta katuak
argi denean
eta nire erdi bat
haien atzetik
atzoko gauaren bila,
beti bestaldera begira
dagoen ispilua,
eta gure aurpegien bila,
baina gu ez gara aurpegiak
baizik haiek jarraitzea.
Betazalak gorritu zaizkit
Yamato auzoko zoko batean
eta begiak ireki ditut
bele eta katuek
ikus nazaten.
Aspaldi beldur nintzen
inoiz nire burua ikusi eta ez ezagutzeaz;
orain badakit gaiztoa dena
zure burua ikusi, eta zuk bakarrik ezagutzea dela.
Omotesandoko gauean idatzi diot
Yamato auzoko goizari
eta hori da nire ispilua.