Igeri zulorantz

Leher, harri, eta igeri zulorantz
Badatoz izurde eta bale hezurrak
(Baina oherik ez da ameskabe lo direnentzat)
Arnasa eta igeriaren zentzugabekeriaz ohartuz
Ezerk ez baitu axola ur-jauregiak baino gehiago!
Pausa eta pultsua.
Eguzkiak ere
ez du bere biluztasun osoa ikusten ahal.
Pausa eta pultsua.
Erretzean,
hosto-lore busti bihurtzen ditu begiralea-
ren erraiak, bere hauspoaren menera
galduak.

Zina

Norbaitek -deituko dizut Argil- ezkutatu dit
Ilargi batekiko ituna.
Hemen, argiak izpigabetzen dira ilunean
eta esplikatuko didazu, Argil,
ez duzula astirik azalpenetarako,
nahiz konturatu orduko zure marmarrek,
noraezetik noraezera,
hainbat hilez nire sekretu maiteena
isilarazi duten.

Zintzo izan nahi dut, baina hor zara, Argil;
Porlan, eta kristalen kontra kateak ez dira
ahostun, bai hausgarri. Zintzo izan nahi dut,
baina zu zara zintzoago, aurpegirik ez baituzu
lotsatzeko.

Gorde nire egiak, gorde ezazu odola,
baina aska niretzat Ilargi zuloa,
orratz gabe erloju antzeko begi batez
zeindik Estralurtar, edo Pizti batek, ikuskatzen gintuen.
Orain, hodei herdoilez espero duzu, Argil, ahaztu dadila,
ahaztu dezagun
maitea
fedea ez baita
ezkuta daitekeenaren araberakoa.

Fededun izan nahi dut, baina hor zara, Argil;
Porlan, eta kristalen kontra fedea ez da
emankor, bai elikagarri. Fededun izan nahi dut
baina zu zara areago, bukaerak baitira ziur,
eta zure fundazio.

Gailenduko natzaio beharrari:
hilkorren Ametsa
hire ninietan islatzen da,
Ilargi.