____Otorduak bakarrik egiten ditut, jangelan. Aurten lehendabiziko aldiz pepinoa jaten ari naiz. Pepinoaren berdetik uda dator. Bihotzak maiatzeko pepinoaren berdetasunetik jasotzen du hustu, erremindu eta kilikatzen duen tristura. Jangelan bakarrik jaten ari naizenean norabait bidaiatzeko gogoa sortzen zait. Tren batera igotzeko gogoa. Egunkaria irakurtzen dut. Guardia Inperialen argazkiak agertzen dira. Guarda Inperialak gizon galantak omen dira. Niri, egia esan, halako aurpegiak ez zaizkit gustatzen. Kopeta okerrak dituzte. Egunkarian, liburu iragarkiak dira interesgarriena. Lerro bakoitza 100 edo 200 yenetan ordainduko da, ez zuten esfortzu makala egingo. Hitz bakoitzari etekina ateratzeko, buruari eraginda eta eraginda esaldi zoragarriak sortzen dituzte. Ongi sentiarazten naute. Kitzikagarriak.
____Bazkalostean, ateak itxi eta eskolarako bidea hartzen dut. Lasai, ez dut uste eurituko duenik, baina atzo amak eman zidan aterki ederrarekin atera nahi nuenez, hartu egin dut. Amak gaztaroan erabilitakoa da. Aterki interesgarriak aurkitzea, egia esan, maite dut. Honelako aterki batekin Pariseko bazter-auzoetatik ibili nahi nuke. Susmoa dut gerra hau bukatzen denean hau bezalako estilo zaharreko aterkiak, ametsak eramandakoak diruditenak, sasoiean egongo direla. Aterki honi bonette antzeko kapela batek ederki emango lioke. Lepo zabaleko kimono arrosa luzea eta lazo beltzaz jositako eskularru luzeak jantzita, hegal handiko txanoari bioleta more bat erantsiko diot. Orduan inguru berde-berdeetan jatetxe paristar batean bazkaltzera joango naiz. Itxura malenkoniatsuaz buruari eskuaz eutsita, arinki kanpoko jendearen igaroari begira nagoela, norbaitek sorbaldan kolpetxo batzuk emango dizkit. Bat-batean, musika: Arrosen valsa. A… Inozokeriak, inozokeriak. Egitan, euskarri luze eta fineko aterki zahartu bat da. Neronen miseriaz errukitzen naiz. Neska poxpolo saltzailea. Banoa zerbait hartzera, belarra bada ere.
____Ateratzean, ate aurreko belarretik apur bat hartu dut, amarentzako zerbitzu moduan. Baliteke gaur gauza onik izatea. Belar bera izan arren, zergatik ote daude hartzeko gogoa ematen didatenak, leun utzi nahi ditudanak eta bestelakoak? Belar polita, polita ez dena; itxuraz alde txikienik ez egon arren belar maitagarria, belar gorrotagarria, zergatik ote da hain erraza ezberdintzea. Ez dago arrazoitzerik. Emakumeen gustuak nahikoa axolagabeak direla uste dut. Aski zerbitzua eginik, estaziora bizkor abiatu naiz. Soroetako bideetan zehar, koadroak marrazteko gogoa ematen dit beti. Erdibidean, tenpluko basoko bidexkatik pasatzen naiz. Neronek bakarrik aurkitu nuen bidezidor hori. Zorura begira, garia bi bat sun (3.03 zm) baino ez zegoen hazita han eta hemen. Gari berde bizi hori ikusi bezain laster ulertu dut aurten ere soldaduak etorri direla. Iaz ere soldadu eta zaldi pila etorri ziren, tenpluko basoan atseden hartu ostean joanik. Ondoren, ingurua ikuskatu nuenean, garia gaur bezala zegoen, urri eta sakabanaturik. Aurten ere, soldaduen zaldien gaineko ontzietatik erori eta ahul hazitako gari hau, honelako baso ilun batean, batere argirik isurtzen ez dena, pena da, baina itxura honekin hilko da, beharbada.
.