Osamu Dazai: Neskatxa (fragmentuak I)

[…]

___—Aita… —deitu diot ahots baxuan.

___Lotsa bitxiaz, poz antzean jaiki eta ziztu batean futon-a bildu dut. Futona altxatzean “iepa!” esan dudala, larritu egin naiz. Ez nuen uste, orain arte, “iepa” moduko arrunkeriak esaten dituzten emakume horietako bat nintzenik. Horrela atsoek egiten dute, ez zait batere gustatzen. Zergatik atera ote zait? Nire barruan, nonbait, atso bat dagoela pentsatzeak desatsegina ematen dit. Hemendik aurrera kontuz ibili beharko dut. Izugarri atsekabetu naiz; behin, jende batzuen ibilkera traketsaz harrituta, ni nerau ere hala nenbilela ohartu nintzenean bezala.

___Goizez ez dut batere konfidantzarik. Lo-jantziekin bestidorearen aurrean esertzen naiz. Betaurrekoak jarri gabe ispiluari begiratzen diodanean, nire aurpegiak, nabar samarra, lasaia ematen du. Neronen aurpegitik gutxien gustatzen zaidana betaurrekoak badira ere, badute zerbait ona, besteek ezagutzen ez dutena. Gustatzen zait betaurrekoak erantzi eta urrutira begiratzea. Dena lanbroturik, amets batean bezala ageri da, diapositiba bat bailitz, zoragarria. Gauza zikinak ez dira ikusten. Begian gauza handiak, bereizgarriak, kolore fuerteak eta argia sartzen dira bakarrik. Betaurrekoak kendu eta jendeei begiratzea ere gustatzen zait. Guztiek aurpegi atsegin, ederrak eta irribarretsuak dituztela dirudi. Gainera, betaurrekorik gabe ez dut inorekin liskarretan sartzeko edo maldiziorik botatzeko gogorik. Isilik eta ausente geratzen naiz. Horrelakoetan, jendeak bihotz onekotzat izango nauela pentsatuz, are gehiago lasaitu egiten naiz, goxatu, eta bihotza ikaragarri atsegin bilakatzen zait.

___Alabaina, egia esan, betaurrekoak gorroto ditut. Betaurrekoak jarrita, aurpegirik dudanik ere ez dut sentitzen. Aurpegitik sortzen diren emozio anitzak, erromantzea, edertasuna, biolentzia, ahulezia, inozentzia, samina eta abarrekoak, betaurrekoek oztopatu egiten dituzte. Are gehiago, begiekin hitz egitea modu bitxian galarazten dute.

___Betaurrekoak dira mamu bat.

___Uste dut nire betaurrekoekiko gorroto horren arrazoia dela begien edertasuna. Sudurrik ez izan arren, ahoa estalita izanik ere, begiak ikusten baditut, ederrago bizitzeko gogoa ematen didaten begiak badira, ez zait axola. Nire begiak ez dira ezertan ere bereziak, handiak baino ez. Neronen begiak ispiluan behatuz gero, etsitu egiten naiz. Amak ere esaten dit begi apalak ditudala. Argirik gabeko begiak direla esan daiteke, beharbada. “Ikatz bilduak”, pentsatu, eta etsitu egiten naiz. Hala baitira. Hau etsia. Ispiluari begiratzen diodanero, “begi on eta beroak bihurtuko ahal balira…”, biziki pentsatzen dut. “Laku urdin bat bezalako begiak”, “larre berde batean etzanda zeru zabalera begiratzeko begiak”. Batzuetan hodeiak irudikatzen ahal ditut. Txorien itzalak ere ikus ditzaket. Begi ederreko jende askorekin egon nahi nuke.

___Gaur goizetik maiatza dela konturatuta, apur bat animatu egin naiz. Hau poza. Uda pixka bat gehiago hurreratu da. Lorategira ateraz gero, marrubi loreak begietan paratzen zaizkit. Aita hil izana gauza bitxia da. Hil, egoteari uztea… ez da aise konprenitzekoa. Ez du zentzurik ere. Faltan dut ahizpa nagusia, aldendutako jendea, eta luze ikusi ez ditudanak ere. Hargatik, ezin dut jasan goizero iragandako gauzak eta aspaldiko jendea, nahi baino hurbilago eta takuan usaina bezain zaporegabe, gogora etortzea.

.