VII. Iparreko Gurutzea eta Pleozenoko hondartza

Gau izartsua Rodano gainean (1888), Vincent Van Gogh
— Espero diat amak barkatzea —esan zuen Campanellak erabaki bat hartu izan balu bezala, totelka, erdi eztulka.
____Giovannik “a, egia, ama nitaz pentsatzen ariko da, hauts izpi antzeko hiruki laranja hartan” pentsatuz isilik geratu zen, bere baitan bildua.
— Ama pozik egoteko edozer egingo nikek, benetan zioat. Baina ez zekiat zerk pozten ahal dian… —jarraitu zuen Campanellak, bere indar guztiekin negarrari eutsiz.
— Hire amari ez zaiok ezer txarrik gertatu, ezta? —oihu egin zion Giovannik, harrituta.
— Ez zakiat. Baina edonor, gauza onak gertatzen dituanean, pozten dituk, ez? Beraz uste diat barkatuko naiala —esan bitartean, benetan Campanellak erabaki bat hartu zuela zirudien.
____Bat-batean, bagoiaren barrualdea argi zuriz bete zen. Begiak ireki orduko, diamante zein belarreko ihintzaren edertasun guztia batzen zuen Esne Bideko zolaren gainetik, haren urak ahots eta itxurarik gabe aurrera jarraitzen zuela, erdi-erdian halo zurbil batez inguratutako irla bat ikus zitekeen.
____Irla horren gailur lauean, Gurutze miresgarri bat zegoen, agidanez Ipar Poloko hodei izoztu batetik sortua, urre koloreko aureola baten erdian, betiereko zutik.
____Ahots batzuk entzuten hasi ziren inguru guztietatik: “Aleluia! Aleluia!”. Burua atzerantz itzulita, ikusi zuten bagoiko bidaiariek kimonoaren lazoa jaitsi zutela, bularraldean Biblia beltz bana erakutsiz kristalezko errosario baten ondoan, eta guztiek otoitz egin zuten, eskuak elkartuz, uhartera begira. Bi mutikoak ere altxatu ziren. Campanellaren masailak sasoiko sagar baten distira zeukaten.
____Pixkanaka, uhartea, halaber Gurutzea, atzerantz joaten hasi ziren.
____Itsasbazter hartan ere, argi zuri-lausoaz zelaia haizearen mende mugitzen zela, halako batean zilar kolorea, arnasik gabe bezala, laino batean desagertzen hasi zen, eta gentiana loreak, belarrean ezkutatu eta ateraz, su-hilen antzeko argia ematen zuten.
____Momentu batez bakarrik, erreka eta trenaren arteko tartea eten egin zen eta, nahiz eta bi aldiz atzeko partetik ikusteko aukera izan zen, urrunduz, txikituz, koadro itxura hartuta, zelaiaren oihuen artean, uhartea desagertu zen. Giovanniren atzean, ordura arte ohartu gabe ere, katolikoa ematen zuen moja altu bat zegoen, begi berde-berdeez aurrera begira, aurretik zetorren hizketa edo ahots bati errespetuz entzuten bezala. Bidaiariak, isilik, beren eserlekuetara itzuli ziren. Bi haurrek tristuraren antzeko sentimendu berri bat partekatu zuten, hitz ezberdinetan, arinki.
— Beno, laster Zisne Estazioa…
— Bai, hamaikatan puntu-puntuan iristen duk.
____Luze gabe, seinale baten argi berdea eta zutabe baten zuri-lausoa leihotik pasatu ziren. Ondoren, sulfuro-su txiki lauso baten antza zuen alternadore bat. Plataformako argiak lerro zuzen-zuzenean agertu bezain laster, trena pixkanaka moteltzen hasi zen, eta argiak handitzen eta zabaltzen. Zisne Estazioaren aurrera iritsi ziren, azkenik, bi haurrak.
____Udazkeneko erlojuaren panelean urdin bizian egindako bi orratzek argi adierazten zuten ordua: hamaikak puntu-puntuan. Guztiak aldi batean trenetik jaitsita, bagoiak hutsik gelditu ziren.
____“Hogei minutuko geldialdia” zioen erloju azpiko panelak.
— Jaitsiko al gaituk gu ere? —esan zuen Giovannik.
— Goazen bada.
____Biek ateak gurutzatu zituzten irteerako tiket-makinetarantz. Hor, aldiz, argi more bat baino ez zuten ikusi. Norabide guztietara begiratu arren, ez zegoen Estazioko arduraduna, ez beste langilerik, ez inorren arrastorik ere.
____Kristalezkoak ematen zuten ginkgo zuhaitzez inguratutako plaza txiki batera atera ziren, estazioaren aurrean.
____Bertatik, bide zabal bat luzatzen zen Esne Bidearen argi zurbilerantz.
____Ezin izan zuten ikusi nora joan ziren beraiek baino lehen trenetik jaitsitakoak. Ondoz ondo bide hartatik ibiliaz beren itzalak, lau leihodun gela bateko zutabeak bailira, edo gurpil baten erradioen antzera, zenbakaitz ateratzen ziren norabide guztietara. Laster, lehenago trenetik ikusi zuten erreka bazter garbira heldu ziren.
____Campanella, harea eskukada bat esku-ahurrean zabaldu eta behatz batez igurtziz, ametsetan bezala hitz egiten hasi zen:
— Harea pikor hauek guztiak kristalak dituk. Barruan su txiki bat zaukatek.
— Hala duk, bai —erantzun zuen Giovannik, pentsatuz nonbait ikasiko zuela bere lagunak.
____Erreka bazterreko harri koxkorrak gardenak ziren; zalantzarik gabe, kristalak, topazioak zein azal zimurtsukoak zeuden, baita ertzetatik lanbro antzeko argi urdina isurtzen zuten corundumak ere. Giovannik ere erreka bazterrerantz korrika egin zuen, eskua uretan sartzeko. Erreka bitxi hartako ura hidrogenoa baino gardenagoa zen. Hala ere, uretan sartuta zeuden eskumuturrak merkurio kolorezkoak ikusten ziren, eta korronteak haien kontra talka egiten zuen, olatu txikiak eraginez, aldika fosforo argiaz piztuko balitz bezala.
____Errekan gora begiratuta, belarra luze hazten zen labar txiki batean eta, hoien azpian, harri zuri batzuk, eskolako jolastokia bezain lauak, erreka bazterraren parean jarrita zeuden. Hor, bospasei pertsona txikiren itzalak zerbait lurperatzen eta ateratzen ari ziren behin eta berriz makurtu eta altxatuz, aldika tresna batek distira egiten zuela.
____“Goazen!”, oihukatu zuten biek aldi berean. ‘Pleozenoko Hondartza’ zioen zeramikazko kartel batek harri zuriak zeuden lekuaren hasieran, eta, atzean, metalezko baranda ginak eta efurrezko banku eder batzuk ikus zitezkeen sakabanaturik.
— Hara, zerbait arraroa zegok hemen —esan zuen Campanellak harriturik, zorutik punta beltz zorrotza zuen intxaur baten itxurako zerbait hartuz.
— Intxaur bat duk. Asko zaudek. Korronteak ekarrita, agian. Harrien artean zaudek.
— Benetan handia duk bada, bikoitza edo. Ukitu ere gabe zagok.
— Goazen azkar haiekin. Zerbait ateratzen egongo dituk-eta, ziur.
____Intxaur zorrotza eskuan, langileen lekura hurbildu ziren. Beren ezkerretara, olatuek tximista leunak bailira erreka ertzetik pasatzen ziren; eskuinetara, belar altuaren buruek dantza egiten zuten zilar edo maskor kolorez, labar txikiaren gainean.
____Hurbildu ahala, gizon altu bat antzeman zuten, betaurreko lodiduna, itxuraz koaderno batean zerbait idazten okupatuta, laguntzaileak ziruditen beste hiruri argibideak gogo biziz ematen zizkien bitartean.
— Kontuz zati hori ez apurtzeko, e, pala erabili, pala! Zera, pixka bat sakonago sartu. Ez, ez! Zergatik ari zarete horren bortitz?
____Gehiago hurbildu zirenean, harri zuri leunetatik pizti izugarri baten hezur zurbila, lurrean erorita bezala, ateratzeko bidean zegoela ikusi zuten. Kontu handiagoz begiratuta, bi apo marka zituen harri bat ere igarri zuten, hainbat laukitan garbi moztuta, zati bakoitzak bere zenbakia ondotik zuela.
— Bisitariak? —esan zuen ikerlari itxurako gizonak, haiei begiratzean betaurrekoetan distira bat eraginez— Intxaur pila aurkituko zenuten. Horiek duela 1.200.000 urte inguruko intxaurrak dira. Nahiko berriak. Hau, Aro Tertziario ostean, duela 1.200.000 urte, kosta zen, itsasertza, eta horregatik maskorrak ere agertu ohi dira. Orain erreka dabilen lekuan lehen ur gazia zebilen, aurrera eta atzera. Pizti hau berriz… E, e, utzi ezak mailua, hor zintzela behar duk, samur… Pizti honek bos du izena, egungo behien aurrekaria, pila zeuden hemen.
— Erakusteko erabiliko duzu?
— Ez, konprobazio batzuk egiteko. Guretzat, duela 1.200.000 urteko lur geruza ikaragarria da hau, eta froga mordoa daukagu, baina beste batzuek ez dute hori ikusten, edo uste dute haizeak edo urak hustutako tarte bat dela. Ulertzen al duzue? Baina… E, e, hor ere ezin duk pala erabili, hor azpian saihetsa egongo duk!
____Larrituta, ikerlaria langileengana mugitu zen.
— Jada ordua duk. Goazen —esan zuen Campanellak bere mapa eta erlojuari begira.
— Beno, orduan gu ere bagoaz —esan zion Giovannik errespetuz ikerlariari.
— Bai? Agur, bada —erantzun zuen hark, geldiezinik, superbisatzera itzuliz.
____Bi mutikoek ahal bezain laster alde egin zuten harri zurien aldetik, trenera garaiz iristeko. Zinez haizeak bezala korrika egin zuten, hauspoa galdu gabe, belaunak akitu gabe.
____Giovannik pentsatu zuen horrela korrika egin bazezaketen, mundua ere zeharkatzen ahalko zutela.
____Lehengo erreka bazterra atzean utzita, geltokiko argia handituz zihoala, berehala tiket-makinetatik pasatu eta biak beren eserlekuetan zeuden, joan eta itzulitako jendeari leihotik begira.
[Aurrekoa: VI. “Esne Bide Estazioa”]
[Hurrena: VIII. “Txori-harrapatzaileak”]