Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (8/9)

VIII. Txori-harrapatzailea

 

c0104227_12183217

Irudia: Ihatov Garden bloga  (nenemu8921.exblog.jp)

 

— Barkatu, leku hau libre dago? —esan zuen haien atzetik jator antzeko ahots heldu batek, lehorki.

____Bizkar makurreko gizon bizargorri bat zen, beroki gris zahar bat jantzita, lepoaren alde bakoitzean oihal zuriz estalitako zorro bat zeramala.

— Bai, jakina —erantzun zion Giovannik lekua eginez. Gizonak, bizar artean irribarre bat erakusten, goiko gordelekuan zorroak uzten hasi zen.

____Haurrak bat-batean tristura edo bakardade handi bat sentitu zuen nolabait eta, isilik aurreko erlojuari begira zegoela, aurre-aurretik kristalezko txirula baten txistua zirudien hots bat etorri zitzaion. Trena, dagoeneko, aurrera zihoan astiro. Campanella, bitartean, bagoiaren sabaiari erreparatzen ari zitzaion. Bertako argi batean kakalardo beltz bat pausatu eta itzal handi bat eragin zuen goialdean. Gizon bizargorria, berriz, iragan-minez bezala irribarretsu zegoen Giovanni eta Campanellari begira. Pixkanaka azkartu zen trenaren leihoetan zehar zelaiek eta errekak, txandaka, distiratzen zuten.

____Bizargorriak, lotsatu itxuraz, biei galdetu zien:

— Nora zoazte zuek?

— Gu edonora goaz —erantzun zion Giovannik zer esan jakin gabe, deseroso samar.

— Hori oso ongi dago. Tren hau, egia esan, edonora doa-eta.

— Zu nora zoaz, bada? —esan zuen Campanellak bapatean, eta Giovannik, oharkabean, galderaren erronka doinuaz barre egin zuen.

____Aurreko eserlekuan txano puntaduna eta giltza bat zeraman bidaiariak ere soslaiaz begiratu eta irri egin zuenez, Campanella, zeharo lotsagorrituta, barrez hasi zen. Aitzitik, gizonak haserretu gabe erantzun zion, bere aurpegi distiratsuaz.

— Ni hortxe jaitsiko naiz, berehala. Izan ere, txori-harrapatzailea naiz.

— Nolako txoriak harrapatzen dituzu, bada?

— Lertsunak, antzarak-eta. Koartzak eta zisneak ere bai.

— Lertsun asko al dago?

— Badago, eta lehendik karrankaka ari dira batzuk inguruan. Ez al dituzu entzun?

— Ez, bada.

— Orain ere entzun daitezke. Ea, belarriak ongi ireki eta saiatu entzuten.

____Bi haurrek aldi berean begi-belarriak ahal beste ireki zituzten. Tren-gurpilen zarata eta zelaia zeharkatzen zuen haizearen txistuaren artean, ur-talka antzeko hots bat antzeman zitekeen.

— Eta nola harrapatzen dituzu lertsunak?

— Lertsunak ala koartzak?

— Koartzak —erantzun zion Giovannik, pentsatuz bereizketak ez zuela axola.

— Horiekin ez dago arazorik. Koartzak, badakizu, Esne Bide harea-zaleak dira-eta, hor luze geratzen dira. Orduan, beti errekara itzultzen direnez, ertzean itxaroten diet eta, zangoak lurreratzeko prestatzen dituztenean, ziztu batean hartu eta harearen kontra estutzen ditut. Horrela, elkarrekin, lasai hiltzen dira. Harez gero, orriak bezala prentsatzea baino ez da falta.

— Koartzak prentsatzen dituzu? Erakusteko?

— Ez dira erakusteko, ez. Jateko baizik.

— Bitxia —esan zuen Campanellak lepoa albo batera makurtuz.

— Ez da ezer bitxia, ez berezia. Ikusi —esan zuen gizonak, eta goiko gordelekutik jaitsitako zorro bat azkar askatzen hasi zen—. Hona. Harrapatu berria.

— Benetako koartza bat! —oihu egin zuten biek aldi berean.

____Zuri-zuri, hamar bat koartzaren gorputz lauek lehen ikusitako Iparreko Gurutzeak bezala distiratzen zuten, erliebe baten moduan, hankak uzkurtuta.

— Begiak itxita daude… —esan zuen Campanellak, ilargi berri baten antzeko koartza begi itxi bat ukitzen. Buru gaineko gezi antzeko ile zuriak ere bazituen— Eta koartzak, goxoak dira?

— Bai, egunero eskatzen dizkidate. Baina antzarak are gehiago saltzen dira. Antzarek luma ederragoak dituzte eta, gainera, erabiltzen errazenak dira —txori-harrapatzaileak esan, eta beste zorroa askatzen hasi zen.

____Zertzelada hori-urdinxkaz apaindutako antzarak ziren, lanparen antzera argi ematen, eta, lehengo koartzek bezala, mokoak batuta apur bat zapaldurik bata bestearen gainean jarrita.

— Hauek erraz jan daitezke. Probatu, probatu —esan zuen txori-harrapatzaileak, antzara baten zango horitik samurki tira eginez. Txokolatea balitz bezala, garbi banatu zuen puska bat—. Zer iruditzen? Hartu pixka bat.

____Gizonak bi zati egin eta haurrei eman zizkien. Giovannik “hara, benetan goxoki bat ematen du. Nola da posible antzarek hegan egitea, hau txokolatea baino hobea da-eta! Gizon honek gozotegi bat izan behar du hemendik hurbil. Baina lotsa ematen dit bere lepotik barre egin eta gero goxoki hau hartzea” pentsatu bitartean gogoz jan zuen jasotako puska.

— Mesedez, gehiago hartu —eskaini zien txori-harrapatzaileak zorroa berriz askatuz.

— Ez, ez, mila esker —erantzun zion Giovannik, gehiago hartu nahi bazuen ere.

Gizonak beste ilarako eserlekuan giltza bat zeraman bidaiariari ere eskaintza egin zion.

— Ez, eskerrik asko, ezin dut salgai bat dohainik onartu —erantzun zion hark txanoa erantziz.

— Horregatik lasai egon, mesedez! Zer moduz dabiltza txorien migrazioak?

— Ez, arren, oso itxura ederra dute. Bada, herenegun, bigarren txandan-edo, ordubete faroaren argia joana zela-eta, hamaika dei jaso nituen ea nik itzali ote nuen. Esan nien noski nik ez nuela zerikusirik, aldako txoriak multzo beltz batean pilatuko zirela argiaren aurretik pasatzean eta ez zegoela zer egiterik. Niri esan beharrean, zango eta moko fineko nagusiei zuzentzeko, manta handia zeramatenak. Hala esan nien, karkar.

____Zelaien mugara iritsita, haratagoko soroetatik argi bizi bat etorri zitzaien bat-batean.

— Eta zergatik behar dute lan gehiago koartzek? —bota zuen Campanellak lehendik egin nahi izan zuen galdera.

— Bada, koartzak jateko —hasi zen txori-harrapatzailea harengana itzuliz— Zeruetako Errekako uraren argitara hamar egunez zintzilik utzi behar direlako, edo hiruzpalau egunez harea azpian, bestela. Horrela, merkurio guztia galtzen dute eta jan daitezke.

— Baina hauek ez dira benetako txoriak; goxokiak baino ez dira, ezta? —galdetu zion Campanellak hori bururatu ahala, Giovannik gauza bera pentsatu zuela igarrita.

____Txori-harrapatzaileak, larriturik bezala:

— A, hemen jaitsi behar dut —esan, eta ziztu batean, bere ekipajea eskuan zuela, desagertu egin zen.

— Nora joango ote zuan…

____Haurrek elkarri begiratu ziotenean, faro-zaintzaileak, ahopeka irri eginez, gorputza apur bat luzatu zuen haien ondoko leihotik begiratzeko. Beraiek ere harantz begiratu zutenean, txori harrapatzailea ikusi zuten, erreka bazter hori-urdinxkaren gainean, besoak zabalik, begitarte serioaz gora begira.

— Bertara joan duk, bitxia. Berriz txori-harrapaketan ibiliko duk. Ea txoririk pausatzen den trena abiatu baino lehen.

____Hori esan bezain laster, ezkil-lore koloreko zeru hutsetik, elur malutak bezala, lehengoak bezalako koartzak, karrankaka, jaisten hasi ziren. Une hartan, txori-harrapatzaileak, “justu nahi moduan” pentsatuz bezala irrika eta oinak 60 graduko angeluan jarrita, lur hartzeko uzkurtutako zango beltzak bi eskuekin harrapatu eta koartzak oihalezko zorroan sartu zituen banan bana. Ipurtargien antzera, argi urdinez piztu eta itzaltzen ziren poltsa barruan, azkenean zuri gelditurik begiak itxi zituzten arte. Berehala, elurra urtzen denean bezala txikitu eta zapaldu egin ziren, jarraian fundiziotik irten den kobre likidoa bailira harea eta txintxarrien gainean zabalduz eta azkenean zoruan itsasita geldituz. Bi edo hiru aldiz argia eman ostean, beren inguruko kolore bera hartuta, itzali ziren.

____Zorro barruan hogei bat batu zituenean, bat-batean, txori-harrapatzaileak soldadu bat tiro batek jota hiltzen denean bezala besoak altxatu zituen. Konturatu orduko, ez zegoen bertan.

— A, justu behar nituenak. Zer gauza ona, gorputzak behar duena lortzeko nahikoa egiten duzunean —esan zuen ahots ezagun batek Giovanniren ondotik.

____Ondoko eserlekuan, txori-harrapatzailea hartu berriak zituen koartzak ordenatu eta bata bestearen gainean jartzen ari zen.

— Nola etorri zara hortik hain azkar? —galdetu zion Giovannik, agerikoa ote zen ongi jakin gabe.

— Nola? Etorri nahi nuelako etorri naiz. Zera, zuek nondik etorri zarete?

____Giovannik berehala erantzun nahi izan zuen arren, nolabait, ezintasuna somatu zuen nondik etorri ziren pentsatzeko. Campanella ere gorritu egin zen erantzuna pentsatzen saiatu zenean.

— A, urrutitik, ezta? —esan zuen txori-harrapatzaileak baiezko keinuaz, zalantza izpirik erakutsi gabe.

 

 

[Aurrekoa: VII. “Iparreko Gurutzea eta Pleozenoko hondartza”]
[Hurrena: IX. “Giovanniren tiketa”]

Itzulpena: Iker Álvarez

 

 

Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (7/9)

VII. Iparreko Gurutzea eta Pleozenoko hondartza

 

noche-estrellada-sobre-el-rodano

Gau izartsua Rodano gainean (1888), Vincent Van Gogh

 

— Espero diat amak barkatzea —esan zuen Campanellak erabaki bat hartu izan balu bezala, totelka, erdi eztulka.

____Giovannik “a, egia, ama nitaz pentsatzen ariko da, hauts izpi antzeko hiruki laranja hartan” pentsatuz isilik geratu zen, bere baitan bildua.

— Ama pozik egoteko edozer egingo nikek, benetan zioat. Baina ez zekiat zerk pozten ahal dian… —jarraitu zuen Campanellak, bere indar guztiekin negarrari eutsiz.

— Hire amari ez zaiok ezer txarrik gertatu, ezta? —oihu egin zion Giovannik, harrituta.

— Ez zakiat. Baina edonor, gauza onak gertatzen dituanean, pozten dituk, ez? Beraz uste diat barkatuko naiala —esan bitartean, benetan Campanellak erabaki bat hartu zuela zirudien.

____Bat-batean, bagoiaren barrualdea argi zuriz bete zen. Begiak ireki orduko, diamante zein belarreko ihintzaren edertasun guztia batzen zuen Esne Bideko zolaren gainetik, haren urak ahots eta itxurarik gabe aurrera jarraitzen zuela, erdi-erdian halo zurbil batez inguratutako irla bat ikus zitekeen.

____Irla horren gailur lauean, Gurutze miresgarri bat zegoen, agidanez Ipar Poloko hodei izoztu batetik sortua, urre koloreko aureola baten erdian, betiereko zutik.

____Ahots batzuk entzuten hasi ziren inguru guztietatik: “Aleluia! Aleluia!”. Burua atzerantz itzulita, ikusi zuten bagoiko bidaiariek kimonoaren lazoa jaitsi zutela, bularraldean Biblia beltz bana erakutsiz kristalezko errosario baten ondoan, eta guztiek otoitz egin zuten, eskuak elkartuz, uhartera begira. Bi mutikoak ere altxatu ziren. Campanellaren masailak sasoiko sagar baten distira zeukaten.

____Pixkanaka, uhartea, halaber Gurutzea, atzerantz joaten hasi ziren.

____Itsasbazter hartan ere, argi zuri-lausoaz zelaia haizearen mende mugitzen zela, halako batean zilar kolorea, arnasik gabe bezala, laino batean desagertzen hasi zen, eta gentiana loreak, belarrean ezkutatu eta ateraz, su-hilen antzeko argia ematen zuten.

____Momentu batez bakarrik, erreka eta trenaren arteko tartea eten egin zen eta, nahiz eta bi aldiz atzeko partetik ikusteko aukera izan zen, urrunduz, txikituz, koadro itxura hartuta, zelaiaren oihuen artean, uhartea desagertu zen. Giovanniren atzean, ordura arte ohartu gabe ere, katolikoa ematen zuen moja altu bat zegoen, begi berde-berdeez aurrera begira, aurretik zetorren hizketa edo ahots bati errespetuz entzuten bezala. Bidaiariak, isilik, beren eserlekuetara itzuli ziren. Bi haurrek tristuraren antzeko sentimendu berri bat partekatu zuten, hitz ezberdinetan, arinki.

— Beno, laster Zisne Estazioa…

— Bai, hamaikatan puntu-puntuan iristen duk.

____Luze gabe, seinale baten argi berdea eta zutabe baten zuri-lausoa leihotik pasatu ziren. Ondoren, sulfuro-su txiki lauso baten antza zuen alternadore bat. Plataformako argiak lerro zuzen-zuzenean agertu bezain laster, trena pixkanaka moteltzen hasi zen, eta argiak handitzen eta zabaltzen. Zisne Estazioaren aurrera iritsi ziren, azkenik, bi haurrak.

____Udazkeneko erlojuaren panelean urdin bizian egindako bi orratzek argi adierazten zuten ordua: hamaikak puntu-puntuan. Guztiak aldi batean trenetik jaitsita, bagoiak hutsik gelditu ziren.

____“Hogei minutuko geldialdia” zioen erloju azpiko panelak.

— Jaitsiko al gaituk gu ere? —esan zuen Giovannik.

— Goazen bada.

____Biek ateak gurutzatu zituzten irteerako tiket-makinetarantz. Hor, aldiz, argi more bat baino ez zuten ikusi. Norabide guztietara begiratu arren, ez zegoen Estazioko arduraduna, ez beste langilerik, ez inorren arrastorik ere.

____Kristalezkoak ematen zuten ginkgo zuhaitzez inguratutako plaza txiki batera atera ziren, estazioaren aurrean.

____Bertatik, bide zabal bat luzatzen zen Esne Bidearen argi zurbilerantz.

____Ezin izan zuten ikusi nora joan ziren beraiek baino lehen trenetik jaitsitakoak. Ondoz ondo bide hartatik ibiliaz beren itzalak, lau leihodun gela bateko zutabeak bailira, edo gurpil baten erradioen antzera, zenbakaitz ateratzen ziren norabide guztietara. Laster, lehenago trenetik ikusi zuten erreka bazter garbira heldu ziren.

____Campanella, harea eskukada bat esku-ahurrean zabaldu eta behatz batez igurtziz, ametsetan bezala hitz egiten hasi zen:

— Harea pikor hauek guztiak kristalak dituk. Barruan su txiki bat zaukatek.

— Hala duk, bai —erantzun zuen Giovannik, pentsatuz nonbait ikasiko zuela bere lagunak.

____Erreka bazterreko harri koxkorrak gardenak ziren; zalantzarik gabe, kristalak, topazioak zein azal zimurtsukoak zeuden, baita ertzetatik lanbro antzeko argi urdina isurtzen zuten corundumak ere. Giovannik ere erreka bazterrerantz korrika egin zuen, eskua uretan sartzeko. Erreka bitxi hartako ura hidrogenoa baino gardenagoa zen. Hala ere, uretan sartuta zeuden eskumuturrak merkurio kolorezkoak ikusten ziren, eta korronteak haien kontra talka egiten zuen, olatu txikiak eraginez, aldika fosforo argiaz piztuko balitz bezala.

____Errekan gora begiratuta, belarra luze hazten zen labar txiki batean eta, hoien azpian, harri zuri batzuk, eskolako jolastokia bezain lauak, erreka bazterraren parean jarrita zeuden. Hor, bospasei pertsona txikiren itzalak zerbait lurperatzen eta ateratzen ari ziren behin eta berriz makurtu eta altxatuz, aldika tresna batek distira egiten zuela.

____“Goazen!”, oihukatu zuten biek aldi berean. ‘Pleozenoko Hondartza’ zioen zeramikazko kartel batek harri zuriak zeuden lekuaren hasieran, eta, atzean, metalezko baranda ginak eta efurrezko banku eder batzuk ikus zitezkeen sakabanaturik.

— Hara, zerbait arraroa zegok hemen —esan zuen Campanellak harriturik, zorutik punta beltz zorrotza zuen intxaur baten itxurako zerbait hartuz.

— Intxaur bat duk. Asko zaudek. Korronteak ekarrita, agian. Harrien artean zaudek.

— Benetan handia duk bada, bikoitza edo. Ukitu ere gabe zagok.

— Goazen azkar haiekin. Zerbait ateratzen egongo dituk-eta, ziur.

____Intxaur zorrotza eskuan, langileen lekura hurbildu ziren. Beren ezkerretara, olatuek tximista leunak bailira erreka ertzetik pasatzen ziren; eskuinetara, belar altuaren buruek dantza egiten zuten zilar edo maskor kolorez, labar txikiaren gainean.

____Hurbildu ahala, gizon altu bat antzeman zuten, betaurreko lodiduna, itxuraz koaderno batean zerbait idazten okupatuta, laguntzaileak ziruditen beste hiruri argibideak gogo biziz ematen zizkien bitartean.

— Kontuz zati hori ez apurtzeko, e, pala erabili, pala! Zera, pixka bat sakonago sartu. Ez, ez! Zergatik ari zarete horren bortitz?

____Gehiago hurbildu zirenean, harri zuri leunetatik pizti izugarri baten hezur zurbila, lurrean erorita bezala, ateratzeko bidean zegoela ikusi zuten. Kontu handiagoz begiratuta, bi apo marka zituen harri bat ere igarri zuten, hainbat laukitan garbi moztuta, zati bakoitzak bere zenbakia ondotik zuela.

— Bisitariak? —esan zuen ikerlari itxurako gizonak, haiei begiratzean betaurrekoetan distira bat eraginez— Intxaur pila aurkituko zenuten. Horiek duela 1.200.000 urte inguruko intxaurrak dira. Nahiko berriak. Hau, Aro Tertziario ostean, duela 1.200.000 urte, kosta zen, itsasertza, eta horregatik maskorrak ere agertu ohi dira. Orain erreka dabilen lekuan lehen ur gazia zebilen, aurrera eta atzera. Pizti hau berriz… E, e, utzi ezak mailua, hor zintzela behar duk, samur… Pizti honek bos du izena, egungo behien aurrekaria, pila zeuden hemen.

— Erakusteko erabiliko duzu?

— Ez, konprobazio batzuk egiteko. Guretzat, duela 1.200.000 urteko lur geruza ikaragarria da hau, eta froga mordoa daukagu, baina beste batzuek ez dute hori ikusten, edo uste dute haizeak edo urak hustutako tarte bat dela. Ulertzen al duzue? Baina… E, e, hor ere ezin duk pala erabili, hor azpian saihetsa egongo duk!

____Larrituta, ikerlaria langileengana mugitu zen.

— Jada ordua duk. Goazen —esan zuen Campanellak bere mapa eta erlojuari begira.

— Beno, orduan gu ere bagoaz —esan zion Giovannik errespetuz ikerlariari.

— Bai? Agur, bada —erantzun zuen hark, geldiezinik, superbisatzera itzuliz.

____Bi mutikoek ahal bezain laster alde egin zuten harri zurien aldetik, trenera garaiz iristeko. Zinez haizeak bezala korrika egin zuten, hauspoa galdu gabe, belaunak akitu gabe.

____Giovannik pentsatu zuen horrela korrika egin bazezaketen, mundua ere zeharkatzen ahalko zutela.

____Lehengo erreka bazterra atzean utzita, geltokiko argia handituz zihoala, berehala tiket-makinetatik pasatu eta biak beren eserlekuetan zeuden, joan eta itzulitako jendeari leihotik begira.

 

 

[Aurrekoa: VI. “Esne Bide Estazioa”]
[Hurrena: VIII. “Txori-harrapatzaileak”]

Itzulpena: Iker Álvarez