Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (6/9)

VI. Esne Bide Estazioa

 

5522409a943c4da9e1512103140c2519

 

____Halako batean, hildakoen zutabea triangelu lauso bat bihurtzen hasi zen, ipurtargien antzera piztu eta itzaliz. Itxura hartuz joan zen pixkanaka, eta zerua estaltzen zuen altzairuzko soroaren erdian ezarri. Altzairu urdin egin berria zirudien soro hartan gelditu zen zutik, zuzen-zuzen.

____Ahots bat entzuten hasi zen, nonbaitetik etorria: “Esne Bide Estazioa! Esne Bide Estazioa!”. Bat-batean, dena argitu zen bere aurrean, milioika ipurtargi-txibiren argia petrifikatu eta urperatu izan balitz bezala, edo, diamante enpresa batek, salgaien prezioa jaitsi ez zedin, ezkutuan gordetako harribitxi guztiak norbaitek aldi batean atera eta sakabanatu izan balitu bezala. Horrelako distiraz, Giovannik behin eta berriz begiak igurtzi zituen.

____Ohartu orduko, Giovanni zeraman tren txikiak bideari ekin zion bideari. Egitan, mutikoa gaueko trenaren bagoi bateko leihotik begira ari zen, bazterreko argien ondoan. Barruan, tertziopelozko eserleku gehienak hutsik zeudela, metalezko bi botoik distira egiten zuten aurreko arratoi kolorezko pareta barnizatuan.

____Bere aurrean, tindatua zirudien jaka beltz bat soinean, mutiko altu bat burua leihotik ateraz kanpora begira ari zen. Bizkarra ezaguna egin zitzaiola, jakinmin bizia sentitu zuen hura nor zen ikusteko. Giovanni ere burua leihotik ateratzera zihoanean, mutikoak berarengana itzuli zuen begirada.

____Campanella zen. Giovanni “Campanella, lehendik al hengoen hemen?” galdetzen hasi zenean, Campanellak lehendabizi hartu zuen hitza.

— Bada, guztiek laster eginda ere, berandu iritsi dituk. Zanelli ere ahal bezain azkar laster eginda ere berandu iritsi duk —esan zuen.

____Giovannik, “egia, elkarrekin ateratzeko geratu gara” pentsatuz:

— Itxarongo al zieguk nonbait? —esan zuen.

— Zanelli dagoeneko etxera joan duk. Aita bila etorri zaiok.

____Hori esan bitartean, nolabait atsekabeturik bezala, aurpegia apur bat zurbildu zitzaion. Giovanni ere, zerbait ahaztu zuelako irudipenez, isilik geratu zen.

____Alabaina, Campanellak, leihotik ingurua ikuskatzen, aldartea berreskuratu zuen berehala:

— A, demontre. Ur-ontzia ahaztu diat. Marrazteko koadernoa ere bai. Baina ez dik inporta. Berehala zisneen geltokira iritsiko gaituk-eta. Maite diat zisneak ikustea. Ikusten ahalko dizkiat errekan urrun hegan egiten, ziur.

____Mutikoak behin eta berriz bira eman zion plater formako mapa bati. Zalantzarik gabe, hor zuriz agertzen zen Zeruetako errekaren ezkerreko ertzetik zihoan trenbideari jarraitzen ari zitzaion, hegoalderantz zihoana. Mapa eder hartan, gaua bezain beltza zen plano baten gainean geltokiak eta triangeluak, iturri eta basoak argi urdin, laranja eta berdez islaturik zeuden.

____Giovanniri iruditu zitzaion, ordea, inon ikusita zuela mapa hura.

— Non erosi duk mapa hori? Obsidianaz egina, ezta? —galdetu zion Campanellari.

— Esne Bide Estazioan eman zidatek. Hiri ez al ziaten eman?

— A, agian ez ninduan bertatik pasatu. Gu orain hemen gaudek, ezta? —esanez, Giovannik ‘Zisneak’ izeneko geltokitik iparraldera zegoen leku bat seinalatu zuen.

— Bai, hala duk. Hara, erreka lehor hura, Ilargi-argia izango duk?

____Harantz begira, Esne Bidearen ertz zuri-urdinean, zilarrezko zeruaren zelaietan, gozo-gozo airearen mendean balantzaka, olatuak joan eta etortzen ziren.

— Ez duk Ilargi-argia, ez. Esne Bidea delako argitzen dik.

____Hori esan ahala, hegan egiteko moduko poza sentituz, oinak zalapartaka, leihotik burua atera eta izarren inguruko kanta bat txistukatzen hasi zen. Ahal beste gorputza luzatuta, Zeruetako erreka oso-osorik ikusi nahi izan zuen, baina, hasieran, lausoegia zen. Gero, ordea, kontuz begiratuz gero, ur garbi hura kristala edo hidrogenoa baino are gardenagoa zela konturatuta, aldika —begiaren irudimenez, beharbada— olatutxo moreak eta ortzadar kolorezko distira handiak ikusten ahal izan zituen. Korronteak ahotsik gabe egiten zuen bere bidea, eta soroetan zehar hainbat triangelu fosforente ederrak zeuden. Gauza urrunak txiki, hurbilak handi; gauza urrunak argi laranja zein horiz argi ikus zitezkeen, eta hurbilak, aldiz, zuri-urdin eta laino baten atzean baleude bezala. Osotara, hiruki, lauki, tximista edo kate itxurez, soroa edonon argia zen. Urduri, Giovannik burua ziztu batean bagoi barrura itzuli zuen. Soro eder horretako hiruki distiratsuek, urdin, laranja, denek batera arnas hartuz bezala makurtu eta dar-dar egin zuten.

— Zeruetako larrean nagok, azkenik —esan zuen Giovannik—. Baina tren honek ez dik ikatzik erabiltzen, ezta? —gehitu zuen, ezkerreko besoa leihotik aterata aurrerantz begira.

— Alkohola edo elektrizitatea, beharbada —esan zuen Campanellak.

____Halako batean, erantzunez bezala, laino barrutik violoncello baten antzeko ahots bat etorri zitzaien, lodi-lodi.

— Tren hau ez da baporez mugitzen; ezta elektrizitatez ere. Tren hau mugitzen delako mugitzen da. Zuek uste duzue tren hotsa egiten duela, hain zuzen ere, tren hotsa egiten duten trenei ohituta zaudetelako bakarrik.

— Ahots hori askotan entzun diat, nonbait.

— Nik hainbat aldiz basoan eta errekan entzun diat.

____Gurpil hotsez, tren txiki hark aurrera jarraitu zuen, zelaiak gurutzatzen zituen haizean zehar; Zeruetako errekaren ura, halaber triangeluen argi zuri-lausoan barrena.

 

 

[Aurrekoa: V “Zentauro festaren gaua”]
[Hurrena: VII “Iparreko Gurutzea eta Pleozenoko kosta”]

Itzulpena: Iker Álvarez

 

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s