Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (5/9)

V. Hildakoen Zutabea

 

d0001745_2210794

Argazkia: ayrton2005.exblog.jp, “Tenkirin no hasira”

 

____Soroez beste aldean lurra apur bat altxatzen zela, muino beltzaren gainean Hartz Handia hedatzen zen lausoki, ohi baino hurbilago. Dagoeneko ihintzak hartutako bidexkari jarraitu zion Giovannik, bertarantz.

____Belardi eta sasien erabateko belztasunaren erdian, izarren distira finak bide txiki hura argitzen zuen. Belarretik zomorro txiki batzuek distira egiten zuten, zenbait hostoren gardentasun berdea agerian utziz. “Guztiek zeramatzaten suge-kalabaza lanparatxoak dirudite”, pentsatu zuen.

____Pinu eta haritzezko baso beltza zeharkatu ondoren, zerua bat-batean ireki zen bere aurrean, hegotik iparrera luzatzen zen Esne Bidea erakutsiz eta, guztiaren gainean, Hildakoen Zutabea. Kanpai-lili eta krisantemoak ametsetan bezala loratzen ziren haren inguruan, eta txori bat txioka igaro zela, Giovannik aurrera jarraitu zuen.

____Gailurreko Hildakoen Zutabera iritsita, bere gorputz betea erortzen utzi zuen belar hotzaren gainean.

____Hiriko argiek itsas hondoko tenplu baten gisan argitzen zuten ilunaren erdian, eta umeen kantu-txistu deskonektatuak entzun zitzakeen, lausoki. Haizearen hots urrunaz eta belarraren dardar isilaz, izerditan blai zegoen kamiseta freskatu zitzaion Giovanniri.

____Soroetatik, tren baten hotsa antzeman zuen. Bidaiariak bagoi gorrixka baten leihoaren atzean sagarrak jaten, barrez eta gauza anitz egiten imajinatuz, Giovannik gora begiratu zuen berriz, kopetilun.

____Luzez begiratu arren, ez zitaion iruditzen zerua, irakasleak goizean esan bezala, leku huts eta hotza zenik. Are, zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta gehiago iruditzen zitzaion baso txiki, soro eta zelaiez beteriko paraje bat zela. Bere begien aurrean, Lira konstelazioa, hiru edo lau puntutan banatu eta diz-diz eginez, hankak atera eta uzkurtzen hasi zen, azkenik perretxiko bat bezala luzaturik. Azpiko hiria ere izar batzar edo ke-hodei handi bat izan zitekeela bururatu zitzaion.

 

 

[Aurrekoa: IV. “Zentauro Festaren gaua”]
[Hurrena: VI. “Esne Bide Estazioa”]

Itzulpena: Iker Álvarez

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s