Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (4/9)

by Orhimendi

IV. Zentauro Festaren gaua

 

49888994_p0

 

____Giovanni, txistuka ibiltzeko keinu bakartiaz, altzipreen beltzak mugatutako aldapan behera joan zen.

____Aldaparen bukaeran kale-argi handi bat zegoen, dotore, argi zurixka ematen. Pixkanaka kale-argirantz hurbildu ahala, ordura arte fantasma baten gisan atzetik lausoki luzatzen zen Giovanniren itzalak kolore beltz trinkoa hartu eta bere alborantz hurbildu zen, oinak altxatuz eta besoak astinduz.

____“Ni primerako lokomotora bat naiz. Aldapan behera nabilenez, azkar noa. Orain farola hura gaindituko dut. Nire itzala iparorratz bat da. Orain, aurrerantz bira egin du.” Hori pentsatu bitartean pauso luzeak emanez farola gainditu zuenean, eguerdiko Zanelli agertu zen bat-batean zeharbide batetik, lepo puntadunezko ator bat jantzita.

— Zanelli, suge-kalabazen errekaratzera hoa, ala? —esaten bukatu baino lehen, hark moztu zuen.

— Giovanni, aitaren ur-txakur larruzko jaka heltzear zagok! —bota zion atzetik.

Giovanniren bihotza hoztu zen, eta alde guztietara oihu egiteko gogoaz bete.

— Baina zer duk, Zanelli? —oihukatu zion, baina Zanelli dagoeneko altzipre hostoez apaindutako etxe batera sartu zen.

____“Zergatik esaten dizkit horrelako gauzak nik ez badiot ezer egin? Ihes egiten duenean arratoi bat dirudi. Horrelakoak esaten dizkit hain zuzen ere babo hutsa delako.”

____Hainbat gauza ibiliz buruan, mota ezberdinetako argi eta zuhaitz-adarrez bikain apaindutako kalean aurrera jarraitu zuen Giovannik.

____Erloju dendan, neonezko argiaren azpian, harrizko hontz baten begi gorriak segunduro alde batetik bestera mugitzen ziren, eta harribitxi ugarik biraka zeuden itsaso-kolore kristalezko armairu batean, izarrak bailira, atzetik kobrezko zentauro bat pixkanaka, apurka, hurbiltzen zelarik. Horren guztiaren erdian konstelazio mapa bat zegoen, zainzuri-hosto berdeez apainduta.

____Bere buruaz ahaztuta, Giovannik konstelazio mapan iltzatu zituen begiak.

____Eskolakoa baino askoz txikiagoa izan arren, eguna eta ordua doituz gero, orduko zeruaren egoera irudikatzen zen obalo batean. Hala, erdi-erdian, Esne Bidea ke-zutabe baten moduan luzatzen zen goitik behera, azpian gertatutako eztanda arin batetik baporea isurtzen ari balitz bezala. Guztiaren atzean, hiru hankatako teleskopio batek argi horiz distira egiten zuen, eta are atzerago, berriz, pizti, suge, arrain, ontzien eta abarren itxuraz irudikatutako konstelazioak agertzen ziren mapa batean, paretan zintzilik.

____“Benetan honelako eskorpioiak, heroiak-eta al daude zeruan? A, nahi nuke mugarik gabe hortik ibili.” Une batez hor gelditu zen Giovanni, bere baitan bildurik, bat-batean amaren esnearekin oroitzean presaka alde egin arte.

____Jakaren txikitasuna sentitu zuela, bularraldea luzatzen eta besoak astintzen jarraitu zuen kalean behera.

____Aire garden-gardenak kale-dendak uraren gisan zeharkatzen zituen. Kale-argiak izei eta haritz adar berdeez inguraturik eta elektrizitate-konpainiaren aurreko sei plataneroek eta bestek barruan baba-farolak zituztela, benetan laminen hiria zirudien. Umeek, jantzi plantxatu berriez, izarren inguruko melodiak txistukatzen zituzten. “Zentauro, ihintza aska ezazu!” modukoen artean korrika eta mangesia-urdinezko suziriak pizten dibertitzen ziren. Giovanni, oso bestelako gauzatan pentsatzen, esne-saltzailearenera abiatu zen, burumakur.

____Azkenean, lertxunek zeru izartsuarekin bat egiten zuten leku batera iritsi zen, erdigunetik at. Esne-saltzailearen etxeko ate beltzak zeharkatuta, behi usaina zuen sukalde argi-ilunean txanoa erantzi zuen.

— Gabon! —esan zuen, baina etxeak isilik iraun zuela, ez zirudien inor zegoenik. —Barkatu, gabon? —deitu zuen berriz, gorputza luzatuz. Luze gabe, gaixo itxurako emakume zahar bat azaldu zitzaion, ezer nahi ote zuen ahopeka galdetuz.

— Zera, gaur ez zaigu esnerik heldu eta horren bila nator —esan zion Giovannik irmoki.

— Orain ez zagok inor eta nik ez zakiat. Etor hadi bihar, mesedez —erantzun zuen emakumeak hari begira, begi azpiko gorridura igurtziz.

— Ama gaixo dago eta gaur ez bada gaizki pasatuko du.

— Bada itxaron ezak pixka bat eta hator gero —esan orduko joaten hasi zen.

— Ongi da, mila esker —eta Giovanni, erreberentzia eginda, sukaldetik atera zen.

____Gurutzebidearen izkina gurutzatzera zihoala, zubira bideko dendaren aurretik, itzal beltz eta kamiseta zuri-lauso batzuk nahasita, sei edo zazpi ikasle ikusi zituen, alai, txistuka, eta bakoitzak suge-kalabaza lanparatxo bat zeramala. Barreak eta txistuak entzunez ikasitako melodiak ziren. Giovanniren ikaskideak ziren. Oharkabean itzultzeko imintzioa egin arren, berriz pentsatuta haiengana hurreratu zen, indarrak baturik.

— Errekara zoazte, ala? —esaten hasi zen, baina eztarria korapilatu zitzaion.

— Giovanni, ur-txakur larruzko jaka bazatorrek! —lehengo Zanellik bota zion.

— Giovanni, ur-txakur larruzko jaka bazatorrek! —hasi ziren guztiak errepikatzen.

____Erabat gorri eginda, Giovanniri ibiltzen ari zela ere ahaztu eta, zuzen jarraitzera zihoala, haien artean Campanella antzeman zuen, erruki keinuaz. Isilik, irri arin batez ‘Giovanni, ez haiz haserretuko, ezta?’ esan nahian bezala begiratu zion.

____Giovannik, iheska, bere lagunaren begirada saihestu zuen, eta Campanellaren irudi altuak alde egin ahala, guztiak txistuka hasi ziren harekin batera. Izkina egin baino lehen atzera begiratu zuenean, uste bezala, Zanelli berari begira zegoen. Campanella, ordea, ozen txistuka jarraitzen zuen lausoki ikus zitekeen zubira bidean. Bakardadeak hartu zuen Giovanni, eta ahal bezain azkar joan zen korrika. Belarriak eskuekin estalita negarrez ari zela, hanka batean saltoka jolasean zebiltzan ume batzuek brometan egiten zuela pentsatuz, gauza bera egin zuten.

____Azkar, Giovanni muino beltz baterantz abiatu zen.

 

 

[Aurrekoa: III “Etxea”]
[Hurrena: V “Hildakoen zutabea”]

Itzulpena: Iker Álvarez

Advertisements