Kenji Miyazawa: Esne trenbidearen gaua (3/9)

III. Etxea

 

Exif_JPEG_PICTURE

 

____Giovanniren etxea bazterreko kale batean zegoen. Hiru sarreretatik, ezkerrekoenaren ondoan kutxa batean aza moreak eta zainzuriak ikus zitezkeen, eta gortinek bi leiho txiki estaltzen zituzten.

— Ama! Heldu naiz. Gaixo egon zara? —esan zuen Giovannik zapatak erantziz.

— Hara, Giovanni. Lan gogorra? Gaur fresko jantzi hadi. Ni primeran egon nauk egun guztian.

____Sarrera zeharkatu zuenean, bere ama ondoko gelan ikusi zuen atseden hartzen, oihal zuri bat buruan. Giovannik leihoa ireki zuen.

— Ama. Gaur azukre koskor bat erosi dut esneari botatzeko.

— A, hartu ezak hik lehenago. Nik oraindik ez diat nahi.

— Ama. Arreba noiz itzuli da?

— Bada hirurak inguru. Gela konpondu zidak.

— Ez al dizute esnea ekarri?

— Ez, agian…

— Neronek ekarriko dut.

— Lasai, ez diat presarik-eta. Hartu ezak hirea lasai. Ahizpak zer edo zer prestatu dik tomateekin, hortxe duk.

— Hartuko dut bada.

____Giovannik leiho ondoan zegoen tomate platera hartu eta ogiarekin batera gogoz jan zuen.

— Ama. Ziur nago aita berehala itzuliko dela.

— Bai, nik ere hala uste diat. Baina zergatik uste duk hik hori?

— Izan ere, gaurko egunkarian irakurri dut aurten iparraldeko arrantza ederki joan dela.

— Ah, bai, baina beharbada aita ez duk arrantzara irten.

— Noski baietz! Aitak ezin du gauza txarrik egin, kartzelara joateko modukorik. Lehengoan eskolara oparitu zituen karramarro oskolak, orein adarrak-eta, orain guztiak laborategian daude. Seigarren mailan, irakasleak txandaka eramaten ditu gelara. Iaz, txango batean…

— Aitak hurrengoan ur-txakur larruzko jaka emango ziala esan zian, ezta?

— Jende guztiak hori esaten dit. Nitaz barre egiteko esaten dute.

— Adarra jotzen al diate?

— Bai, baina Campanellak inoiz ez. Horrelakoak esaten ari zaizkidanean, bera goibeldu bezala egiten da.

— Haur horren aita hire aitaren laguna omen zuan, zuek bezalaxe.

— Bai, horregatik Campanellaren etxera joaten nintzenean bera ere etortzen zen. Sasoi ona, hura… Eskolatik itzultzeko bidean, Campanellaren etxetik pasatzen nintzen. Alkohol lanpara batekin ibiltzen zen tren bat zeukan. Zazpi trenbide zati elkartuta biribil bat egin eta argindar poloa eta semaforoa ere jarri zizkioten, eta semaforoa trena pasatzen zenean bakarrik berde jartzen zen. Alkohola bukatu eta petrolioa erabiltzen genuenean ontzia zeharo zipriztintzen zen.

— Hara, hara.

—Orain ere goizero egunkaria eramatera joaten naiz. Baina etxe guztia isil-isilik dagoenez…

— Goizegi duk-eta, orduan.

— Zauer izeneko txakur bat dago. Isatsak erratz bat ematen du. Hurbiltzen naizenean uluka etortzen zait, eta kale bukaera arte laguntzen dit. Batzuetan are urrunago arte. Gaur gauean Campanella guztiekin suge-kalabaza argiak errekara botatzera joango omen da. Txakurra ere eramango du, ziur.

— Egia. Gaur gauean Esne Bidearen festa duk-eta.

— Bai. Esnea hartzera joan bitartean ikusiko dut.

— A, oso ongi. Ez hadi errekan sartu halere.

— Noski, nik ertzetik begiratuko dut. Beno, ordu batez-edo aterako naiz.

— Gehiago egon hadi. Campanellarekin bahago ez zagok kezkatzeko arrazoirik.

— Bai, elkarrekin egongo gara. Itxiko dut leihoa, ama?

— Ongi, jada freskatu dik-eta.

____Giovanni altxatu, leihoa itxi, plater eta ogi poltsak jaso eta zapatak jantzi zituen biziki.

— Orduan ordu t’erdi barru itzuliko naiz! —esanda, dagoeneko ilundutako ataritik atera zen.

 

 

[Aurrekoa: II “Inprimategia”]
[Hurrena: IV “Zentauro-festaren gaua”]

 

Itzulpena: Iker Álvarez

 

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s