II. Inprimategia

Argazkia: 天文古玩 bloga
____Eskolako ateak zeharkatzerakoan, Giovannik zazpi edo zortzi lagun ikusi zituen Campanellaren inguruan elkarturik, jolastokiko bazter batean zegoen gereziondoaren azpian. Itxuraz, gaueko Izarren Festan argi urdinak errekaratzeko suge-kalabaza bilketari buruz ari ziren. Hala ere, Giovannik bizkor agur egin eta, pixka bat ere gelditu gabe, eskolako ateak gurutzatu zituen. Auzoko etxeetan japoniar hagin-hosto bolatxoak ikus zitezkeen eta argiek altzifreen adarrak apaintzen zituzten, gaueko Esne Bide jaialdirako beste hainbeste prestaketen artean.
____Etxera joan ordez, hiru kaleren bueltan inprimategi handi batean sartu zen mutikoa. Sarrera ondoko kutxazainari —ator handi batez jantzita— erreberentzia eginik, zapatak erantzi eta barrurantz jarraitu zuen, korridore bukaerako ate handia irekitzeko. Barruan, oraindik eguna izan arren argia piztuta zegoelarik, inprimagailu andana bat biraka eta biraka ari zen, langileak kantuz bezala irakurri eta zenbatzen zuten bitartean, zapia buruan. Giovanni sarreratik hirugarren mahaiean, altuenean, eserita zegoen gizonarengana hurbildu zen, beste erreberentzia bat eginez. Horrek apalategia ikuskatu zuen une batez.
— Agian honekin nahikoa izango duk —esan, eta paper ebaki bat eman zion.
____Giovannik gizon haren mahai azpitik kutxa lau bat hartu, eta gelaren beste aldeko zoko argitsu batean, paretaren kontra makurtuz, pintza txiki-txiki batzurekin apar ponpatxoen tamainako inprenta-letrak hartzen hasi zen, banan bana. Bular-babesle urdin bat zeraman langile batek bere atzetik pasatuz agurtu zuen:
— Epa, anteojozulo, egun on.
____Inguruko lauzpabost langileek, ezer esan eta begiratu ere egin gabe, hoztasunez barre egin zuten.
____Begiak behin eta berriz igurtziz, Giovannik letrak biltzen jarraitu zuen. Seiak pasa eta berehala, betetako kutxatxoa hartu eta, edukia paper zatiarekin konprobatu ondoren, mahaian zegoen gizonari eraman zion; hark hitzik esan gabe onartu zuen, keinuz. Erreberentzia eginda, Giovannik atea ireki zuen kutxazainaren lekura itzultzeko. Bertan, arropa zuridun langileak, isilik, zilarrezko txanpon txiki bat eman zion. Aurpegi kolorea osatu zitzaion mutikoari, eta animoz erreberentzia egin bezain laster makinaren azpiko zorroa hartu eta aterantz abiatu zen jauzi batez. Pozik, txistuka, okindegitik pasatu zen ogi puska eta azukre poltsa bana erosteko, segituan ziztu bizian abiatuz.
[Aurrekoa: I “Arratsaldeko klasea”]
[Hurrena: III “Etxea”]