I Arratsaldeko klasea

Ginga tetsudô no yoru (1993), Itsuko Azuma
— Beraz, neska-mutilok, ulertu al dugu zer den gauza zuri-lauso hau, erreka edo esne arrasto bat bezalakoa dela esan duguna? —galdetu zuen irakasleak, arbelean zintzilik zegoen konstelazio mapa beltza goitik behera zeharkatzen zuen Esne Bidea seinalatuz.
____Campanellak eskua altxatu zuen. Bere atzetik, beste lau edo bost ikaslek. Giovanni ere eskua altxatzen hasi zen, baina jarraian amore eman zuen. Noizbait aldizkari batean irakurri zuen horiek guztiak izarrak zirela, baina azkenaldian klaseak logale pasatzen zituen, eta irakurtzeko libururik eta libururik irakurtzeko astirik ere gabe, sentitzen zuen ezin zuela ezer ere ongi ulertu. Alabaina, irakaslea bere keinuaz ohartu zen.
— Giovanni. Ulertu duzu, ezta?
____Prestu altxatu arren, behin zutik zegoela ezin izan zuen zuzen erantzun. Aurreko aulkitik begira, Zanellik irri egin zion. Giovanni, are urduriago, gorri-gorri jarri zen. Irakaslea zuzendu zitzaion, berriz:
— Teleskopio handi batekin Esne Bideari kontuz erreparatzen badiogu, zer ikusiko dugu, funtsean?
____“Izarrak, jakina”, pentsatu zuen Giovannik, baina oraingoan ere ezin izan zuen berehala erantzun. Irakaslea momentu batez zer egin jakin gabe gelditu eta, Campanellari begira, hari zuzendu zitzaion:
— Ea, Campanella.
____Lehen eskua hain biziki altxatu arren, Campanellak, zalantzati zutitu zelarik, ezin izan zuen hitzik bota. Irakaslea harritu egin zen, eta une batez haurrari begiratu ondoren jarraitu zuen, izar-konstelazioen mapa seinalatuz:
— Beno, ikus dezagun. Teleskopio handi batekin Esne Bide zuri-lauso hau behatuko bagenu, izar txiki asko ikusiko genituzke. Ezta, Giovanni?
____Giovannik, gorri-gorri, baiezko keinu bat egin zuen, baina bat-batean malkoez bete ziren bere begiak. “Bai,” pentsatu zuen, “nik banekien, eta noski, Campanellak ere bai, behin bere aita medikuaren etxean elkarrekin irakurri genuen aldizkari batean agertzen zen-eta. Are, aldizkari hori irakurri eta gero, Campanellak liburu handi bat ekarri zuen aitaren liburutegitik, eta bertan Esne Bidea delako leku bat aurkituta, puntu zuriz jositako orrialde beltz-beltzetako argazki ederrak begiratzen genituen beti. Ezin izan du hori ahaztu, nahita izan behar zuen berehala ez erantzutea. Izan ere, azken aldian goizez eta gauez lanpeturik nabil oso, eta eskolara joan arren ezin naiz guztiekin jolastera gelditu, ezta Campanellarekin hitz egin ere. Horrek min ematen diolako ez du erantzun.” Gomutapen horiek zirela eta, Giovannik, eutsi ezinik, Campanella eta biak bateraezinak zirela sentitu zuen.
____Irakasleak, berriz:
— Beraz, Zeruetako erreka hau benetazko erreka bat dela pentsatuko bagenu, izar txiki bakoitza zolako hondar edo txintxarri ale bat litzateke. Ordea, esne korronte handi bat bezala imajinatuz gero, Esne Bidearen antza handiagoa izango du. Izar horiek esne korrontearen azalera ateratzen diren koipe puntutxoak litezke. Geure buruari galdetzen badiogu, baina, zer litzatekeen erreka horren ura, erantzuna ‘hutsa’ da. Hutsak argia abiadura jakin batean garraiatzen du eta, noski, Lurrak eta Eguzkiak flotatu egiten dute horren barruan. Gu ere zeruko erreka horren baitan bizi gara, beraz. Bertatik ingurura begiratzen badugu, ura sakonagoa den heinean urdinago ikusten den bezala, Zeruetako errekaren zola urrunago dagoen heinean izar gehiago pilaturik ikusiko ditugu, eta, horren ondorioz, kolore zuri-lausoa. Ikusi maketa hau.
____Irakasleak lente erdi-biribil handi bat seinalatu zuen, barruan distira handiko harea aleak zituena.
— Zeruetako erreka honelakoa da, hain zuzen ere. Pentsa dezagun ale distiratsu hauetako bakoitza gure eguzkiaren moduko izar argitsu bat dela. Eguzkia ia erdigunean dago, eta Lurra horren ondo-ondoan. Gauez, hemen erdian jarri eta lentearen edukia ikus dezazuen nahi dut. Hemendik begiratzen duzuenean, lentea mehea denez, ale distiratsuak (hau da, izarrak) baino ezingo dituzue ikusi. Hemen edo hemen begiratzen baduzue, berriz, lentea lodiagoa denez, ale distiratsu asko ikusi ez ezik, urrunean zuri-lausoa ikusten ahalko duzue. Beno, honaino Esne Bidearen azalpena, gaurkoz. Lentearen tamainaz eta horren barruko izarrei buruzko hainbat kontu hurrengo zientzia klasean aipatuko ditugu, dagoeneko ordua dugu-eta. Koaderno eta liburuak itxi ditzakezue.
____Une batez mahaien irekitze-ixte eta liburuen mugimenduez zalaparta sortu ostean, guztiak txintxo zutitu eta, eskerrak emanik irakasleari, gelatik atera ziren.
[Hurrena: II. “Inprimategia”]