Zurrumurru ozen bat, ibai gogorra eta zeru astuna
Bederatzi-lau-zortzi, ahaztu ditut hurrenak…
Bat-bost-bat-bi? Betiko argiak – betirako itzala
Uso zuriek moko zorrotza eta hego pisuak
-bai-
Bakearen alde honetan
Aurrera haize orratzak, atzera orraziak!
Edo
Bularra,
Sorbalda,
Besoa,
Eskua bota eta herria gorde
Hara!
Erosi baino lehen egunkariak bazuen jabe
Altaboz-joleak eta fotokopia-idazketa
Askatasunaren Plazan;
Bide denak zuzen Erromatik edo Erromara
Euria badugu, egon eta etorriko da eguzkia
Errekatik ikusteko behar dugu-eta zubia
Zeinek ez du lanbroa maite hodeiaz ez fidatu arren-
Otoi! Sinestunik ez, baina Jainkoa edonon
Kotxe biribil, gurpil laukiak.
Hilobi bat dakust lubakia zegoen lekuan-
Ironiaz dio oroitarriak:
Etxeko kutxa batzuk kanpoko giltzez irekitzen dira.