Adaburuen artean

 

Eta hor dirauzu
Estalirik, itzalean
Hondoan
Baina halabeharrez azaleratzen dira
Hondoko hutsak
Burbuilak bezala

Azaleratu eta hegalez
Adaburuen artean nahasi zara
Eta nahasi begiek
Puntadun txano bat dakusate
Zure bila dabiltza, agian

Udako gau beroek
Ahanztura dakarte
Eta ahanzturak
Azalekoa barreiatzen du
Agerian utziz
Hondoa
Nire zain dagoen
Bide bat bezala

 

 

 

Gero arte

 

Etxera noa jada
Etxera noa baina
Etxe zati bat utzi dut atzean

Irudi bat lausotzen da
Trenaren hotsaz
Amatatuz doa
Egun bat bezala

Eta horra nonbait
Zure ahotsa
Hizketa arina
Solas biziaz
Eta begi ilunak,
Lilura
Mingots baten legez
Eta normala zara, berez
Baina zerbait duzu
Ederra den ezer

Isiltzen
Eta esaten dudanaren arteko
Galdera ikurra
Lehen aldiz aditzen denaren
Zirrara iraunkor hori
Goizean argi
Eta mila hitz itzali

Etxean nago jada
Etxean nago baina
Zerbait utzi dut burdinbideetan

Bihar bat
Atzo itxurakoa

Iguripen bat
Oroitz kolorekoa

Agur bat
Hasiera zaporekoa