Urrun, isil

 

Hain urrun al daude
Esandako guztia
Eta isilean dagoena?

Hain urrun al daude
Gaueko alegiak
Eta errealitatea?

Eta gitarraren soka zaharrek
Jo dizute doinu berria
Haiek esango dizute, agian
Gauez isiltzen dudan guztia

Etzaitut ikusiko biharamunean
Baina hemen,
Gelako itsasertzean
Gaueko olatu bakoitzak
Dakarkit zure izena

Bizitzaren adiera,
Bizitza den horrentzat
Aldako txoria izatea

 

 

Kaxoian gordetako mezua

 

Zorigaiztoko istorioa,
bidaiariarena:
pertsonaia bakarra
protagonistarik ez
eta amaiera kaxkarra

Leihotik ageri da, apal
udaberriko eurien
argi goibel hori
eta haizearen marmarra

Keinuz, erabat itxi du
baina leihoa ixteagatik
Eguna ez da akitu
Eta euriak jarraitzen du

Ohantzean jezarrita,
ikaspen bat ezin ahaztu:
kaxoian berdin diola
gerra deklarazioa
edo hilezkor amodioa

 

 

 

 

 

Eta algara horren baitan
Bi isiltasunek
entzun zuten elkar

– Ezetz pentsatu nahi badut ere
Ezer berezia du, ederra den ezer

Eta trena badoa,
badoa bere bidean

Eta biak etxera doaz,
bakoitza bere aldera

Akuilua, bizitzaren karia

Min handienak
Zorion handienen estalkiak baino ez dira

 

 

Umela, hauskorra

 

Umela, izarren isla itsasoan bezala
Hauskorra, une zoriontsu bat bezala
Lagun,
hegaldi bat bezalakoa zara
Inoiz jauziz hasi zena eta inoiz
zorura itzuliko dena

Badira goxo aurrera doazenak
haizearen laguntzaz,
Badira hosto deslai antzera
airean dabiltzanak, noraezean
Eta badira ur lurrun tantak
umeldura bere gain hartzean
bapatean jausten direnak

 

 

.