Ez da gauza txikia

 

Samina duzu, ibiltari apal
itxaropenaren anai zakar
haren laguntza arren
laguntza ohiaren mina

Biharra ikuskaitz,
hain ez dugu galdu nahi
nahiz besoetatik ihes izan
sei ilargi zaude zai

Gaiztakeria andana
irenstaraztea iraganak
egunak esku beteka
eta gauak banan-bana

Baina elaiak
beti itzuliko dira,
airean joan aitzina
hitzeman ez arren

Ene bizitza,
lore batean bilduta
ez da gauza txikia
arretaz begira, ixo
handiagoa da
udaberria baino

 

 

.

Inoiz esnatuko

 

Ohean pizten dira ametsak, maitaleak bezala
Eta maitaleak bezala, betiereko loaldia dute desira
Baina une iraunkorrak esnarazten ditu eguzkiak
Eta eguzkia akuilu da amets horiek bere magaletara eraman ditzazun
Gaueko mundu lausoetan ez daitezen galdu
Esnatu
Eta egin nahi duzun hori
Diotsot nire buruari
Soslaiak
Bihur daitezen hitz

 

 

Amets bati kantua

 

Irudipenak ezti gaiztoak dira
Guraria eman bai eta ostean mina
erraidazu baina
Gezurrezkoa al da amets guztien egia?

Hor baitzinen, isilean niri begira
Ni, ordea, ezikusiarena eginez
Barrenean hiltzen, soslai batez ihes
Galdutako aukera, inoiz errepika?

Ikusi nuen baina, bidean nintzela,
Itxi gabeko atea zuen logela
Begira, eta hantxe munduan ederrena
Zu hor baitzinen, lo goxo ohean

Atea emeki itxi eta burua igurtzi
Izaren artean zara ametsen iturri
Azala, abuztuko gaua bezain bero
Ilea, nire gogoa bezain ero

Orduan jaso nuen mezu zurea
nirekin esnatu nahi zenuela
Irri goxo hura ikustean, baina
Nahien artean azkena zen esnatzea

Irudipenak ezti gaiztoak dira
Guraria eman bai eta ostean mina
erraidazu baina
Gezurrezkoa al da amets guztien egia?

 

 

 

Ikasi dut

 

Ikasi dut posible ez dela
busti gabeko arrantzarik
espero dut halaber ez izatea
arrosarik gabeko arantzarik

Ikasi dut saminaren dema,
ezin dela zaurigabeko gerra
eta ordezkatzen ahal dena
benetakoa ez dela

Ikasi dut gau guztiak
beltz eta ilun ez direla
eta egun batzuk ordea
argiaren falta dutela

Ikasi dut finean
benetakoa dena
min ematen duela