Euskandinavia

nondik nora

Month: abendua, 2011

Bereterretxeren hilarria

Norena ote harri puska hau?

Ez nauzue inongo aditurik, baina nire jakinminak harri honen ondora ekarri ninduen. Mikel Laboaren ezagutza berantiar bat burutzen ari nintzela, abesti honekin topo egin nuen:

Hasieran, doinu zaharkitu horrek, abestiaren xinpletasun mistiko horrek lagunduta, liluratu ninduen. Gerora, nire sen erromantikoak abesti honen inguruan osatu zuen ideia mistikoa hazi egin zen, gehiago ikasi bainuen hari buruz. Omen, XV. mendeko abesti zuberotarra zen, eta, gainera, benetazko gertaera bat zuen oinarri.

Ikerketa hoiek aro zoro batetara eraman ninduten: zubererarekin ikaragarri zaletu nintzen, bertako antzinako kantuak bilatu nituen buru-belarri, historiaz eta euskalkigintzaz ordu txikietara arte irakurtzen nuen egunero… maitemina? Hau guztia nire ingurukoek pairatu zuten, noski, Bereterretxeren hilarriaz jakin nuenean. Kantu honen gertakizunek zantzu bat utzi zuten, arren! Gertakizun historiko baten aztarnak!

Ahazturik edo ondo ikasi gabeak nituen, haatik, euskal izatearen ajeak.

Abiatu ginen bada, Etxebarrera. Google maps-en laguntzaz bidea aurretik ikasi eta erraz asko iritsi ginen Etxebarre ondoan zeuden Ezpeldoi – Bereterretxeren borda, alegia – eta nire hilarri kuttunera. Asteetan eta hilabeteetan zehar kanta, historia eta munduko leku horrekiko lotura estu bat garatu nuen; toki fisikoan izatea sentipen hoien tontorra baino ez zen. Tristuraz bizi nuen, ordea, momentu hura.

Hilarria errepide txiki baten ondo-ondoan dago, bi zaborrontzi handien bizpairu metrora. Harri biribilak zauri larri bat du, ia euskarritik banantzen duena, eta marrazkia nekez ikusgai da.

Bere aurrean nintzela, urteroko uraren izozte-urtze prozesua irudikatu nuen eta ez nion etorkizun luzerik igarri lauzpabost mendez zutik iraun duen harri horri, geologiari buruzko jakintza handirik ez badaukat ere.

Hala ere, irudi esanguratsu bat eskaintzen digu hori ikusteak. Alegia, utzikeria fisikoa baino larriagoa den kultura-ondarearen ahanztura – askotan laguntzaileak dituena -. Izan ere, 70 bat kilometrora bizi naiz eta nagusitan, nire zaletasun zehatza izateagatik soilik, izan dut gure literaturaren zantzu eskas baten berri.

Norena ote, bada, herri puska hau?

Azken finean, hilarriarekin antz handia du euskararen herriak: errepide eta zaborrontzien artean, zatiturik, bere izaera nekez ikusgai da.

Kontuan hartzekoa da, baina, hilarria izanik hilerritik kanpo zutik dirauela.

Hilarria, Etxebar herriaren ondoan

Advertisements

Hasiera

 

Batzuetan, etsipena bera da argia pizten duen poxpolua.

 

 

 

 

%d bloggers like this: